Batzuek pandemia garaian bisitatu zituzten bazter haiek, akaso, lehen aldiz, mendiak inoiz baino gehiago arnasgune izan zirenean.
Aramaioarrok ezinegonetik bizi dugu Statkraft multinazionalak mendilerro horretan kokatu nahi duen zentral eolikoaren proiektua. Ezinegona ez ezik, kezka eta haserrea ere eragiten digu herritarren adostasunik gabe, tokian tokiko hausnarketa mahaiak bideratu gabe, Euskal Herriko eredu energetiko, elikadura sistema… funtsean, bizitzarako ezinbestekoa dena eta ez dena sakonki, sozialki eta politikoki hausnartzeke dugunean, mendietan tankera horretako makroproiektuen inposizioak.
Klima larrialdiaren paradigmaren baitan, antza denez, erabakiak azkar eta urgentziaz hartu behar dira, horrek legea bera gainditzea edo enpresen interesen arabera berau aldatzea badakar ere. Trantsizio energetikoa deritzon auzia tranpaz beteta dago. Larraialdiaren testuinguruan ez dago eztabaidarako, hausnarketarako eta pentsamendurako tarterik, munduaren amaierak eraginkortasunez eta azkartasunez erantzutea eskatzen du, nonbait. Bada, gizarteak erresistentzia ariketa bat egin beharko luke bizitza sostengatzeko beharrezkoa dena adosteko eskakizunean: ez da trantsizio edo aldaketa zilegizkorik izango lurraren pribatizazio eta suntsiketan oinarritzen jarraitzen duen eredua bultzatzen den bitartean, kapitalismo basati honek berdez mozorrotu nahi badu ere.
200 metroko zortzi haize-errota dira 2027tik aurrera aipatutako mendilerroan martxan jarri nahi dituztenak. Horiekin batera, hamalau kilometroko luzerako goi-tentsioko lineak zeharkatuko du Aramaioko hego-ekialdea, Besaidetik pasa eta Abadiñoraino. Hori horrela gauzatzen bada, bailara osoak atzera bueltarik izango ez duen galera pairatuko duela deritzogu. Zenbatezinak dira mendietan eolikoak jartzeak gizakion eta gainontzeko izakien bizitzetan eragingo dituzten kalteak. Guk zarata, eguzki izpiek hegalekin talka egitean eragindako itzal intermitenteak, paisaiaren orografiaren itxuraldatzea… pairatuko ditugu zuzenean, eta baso eta mendietan bizi diren saguzar, hegazti eta bestelako animali askok bizitza edota bizitokia galduko dute.
Statkraften proiektuak Aramaio eta Eskoriatza soilik kolpatzen dituela iruditu dezakeen arren, Debagoien osoari eragiten dion auzia da.
----------
Judith Arriolabengoa Unzueta
Aramaixo Bizirik plataformaren izenean
Aramaio