Argi dago interes handia dagoela –ekonomikoa, noski–, eta medioetan horren isla dugu, interesak dituztenek medio horiek mugitzen baitituzte. Baina, arren, hausnartu.
Haize errotak, berriztagarriak izanik, energia berdea lortzeko eredutzat saltzen dizkigute, baina ezarri nahi duten ereduak eremu naturalak suntsitzen ditu. Inguruan ezagutzen ditugun Elgeako haize errotak 50-60 metrokoak dira eta orain ezarri nahi diren errotek 200 metroko altuera dute; hauek mendietara garraiatu behar dira eta haize errotetatik estazio elektrikora garraiatzeko dorre elektrikoak jarri behar dira, eta kableak, eta zarata… Honek guztiak inguruan izango duen eragina bene-benetan kontuan hartzekoa da.
Mendiak aukeratzen dira, errendimendu optimoena atera nahi delako, etekin ekonomiko handiena, izan enpresa publikoa edo pribatua, berdin da. Baina nahiz eta etekin txikiagoa atera, zergatik ez dituzte eremu degradatuak erabiltzen? Gure inguruan industrialde oro dugu, izugarrizko teilatuekin, haizea ere jotzen duen eremuak... Fagorrek ere erabili ditzake bere teilatuak eta guneak haize errotak jartzeko, landa-lur gehiago galtzea eragotziz.
Berriztagarriek ez dituzte ordezkatuko garraiatzen eta gordetzen errazagoak diren energia fosilak; gasolioa, adibidez. Eguzkiak, haizeak, energia sortzen du dagoenean, baina ez ez dagoenean. Era berean, berriztagarriak material zaharkituaren mende daude –txipak, bateriak...–. 20-30 urte barru, hondakin gehiago.
Instalatu nahi diren eolikoak ez datoz bat saldu nahi den trantsizio energetikoarekin, ekosistemak eta mendiak suntsitzen dituen eredu bat da, klima-aldaketa arinduko ez duena.
Benetako trantsizio energetikoa eremu naturalak errespetatuz izan behar du.
Landa-eremuak suntsitzen jarraitu nahi da, eta horiek dira krisi ekosozialari eusteko balio dutenak; hau da, arazo klimatikoari, elikagaienari eta sozialari eusten dietenak. Lurraldea alderdi horiek kontuan hartuta antolatu behar da.
Energia ezin da izan enpresen onurarako, deszentralizatu beharreko ondasun soziala da, tokikoa izan behar du, kudeaketa sozialekoa.
Eta koherentea izan behar du, eremu naturalen kontserbazioa bultzatu behar da eta eremu degradatuak erabili behar dira.
Eremu horiek ahalik eta etekin handiena –irabazi gehiago– ateratzeko tokiak ez izan arren, aprobetxa daitezkeen eremuak ere badira.
Utzi bakean mendiak!
----------
Judith Arriolabengoa Unzueta
Aramaixo bizirik, Orixol Mendizale Elkartea eta Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanblada
Aramaio