Hauspoa proiektua

Erabiltzailearen aurpegia Juan Carlos Pascual 2022ko ots. 20a, 00:00

Hauspotu: hauspoaz haize eman. 2 du ad. Irud. Haurren irudimena hauspotuko duen istorioa. Hau da, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren hiztegiaren definizioa eta bertan, adibide gisa, haurren irudimena hauspotzea, piztea, dugu.

Honek Hezkuntzan hauspotu beharreko alderdien inguruan ideia bat eman diezaguke eta, horretaz gain, gure arloan irudimen horri eman beharreko garrantziaz ere.

Badira jada zortzi urte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 2015eko apirilaren 30eko ebazpenaren bitartez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoei dei egin ziela ikastetxe publikoen barne antolamendua berriztatzeko proiektu baten parte hartzeko (Hauspoa).

Esperientzia honen helburua egun indarrean zegoen esparrua malgutzea zen, ikastetxeetako hezkuntza-jarduerak eta eskola-denborak berriz antolatzea ahalbideratzeko, betiere, eskola-arrakasta hobetzearen mesedetan.

Ebazpenean bertan adierazten ziren lortu nahi ziren helburu nagusiak:
-Eskola-denboraren eredu
berriak praktikan jarri eta ebaluatu.
-Ikastetxeen kalitatea hobetu
–bikaintasuna–, autonomia gehituz.
-Emaitzen hobekuntza
sustatu.

Lehendabiziko deialdian 28 ikastetxek hartu zuten parte EAEn. Pilotajeak ikas komunitateari ekarriko zizkion onurak aurreikusi, eta ausardia eta lanerako gogo eta kemen guztiarekin ekin zioten proiektuari. Ez zen erraza izan, baina ilusioak eta hobekuntzarako etengabeko prestakuntzak saritu egin zituzten egindako esfortzuak. Horrela izan zen. Bigarren deialdian beste 25 ikastetxe izan ziren esperientzian parte hartu zutenak, eta horrenbeste hirugarrenean ere.

Debagoienean hiru ikastetxe dira apustu egin dutenak eredu berri honi jarraituz: Aretxabaletako Kurtzebarri BHI, Oñati Institutua BHI eta Bergarako Ipintza BHI.

Antolamenduari dagokionez, ikasleak jardun jarraian aritzen dira eskola ordutegian, eta arratsaldeetan, ikastetxeak gune desberdinetan antolaturiko arloetako indartze, proiektu edo ekite gune zein tailerretan berrantolatzen dira. Ohiko irakaskuntza araututik aparteko espazio partekatuak bihurtzen dira ikastetxeak.

Arloetako indartzeak bideratuak dira, oro har: errefortzu baten beharra duen ikasleak ikastetxean bertan aurkitzen du aukera hori, ikastetxeko irakasle berberekin atentzio pertsonalizatuagoa jasota. Bai familiek eta baita ikasleek ere konpromisoa izan behar dute eskaintzen zaizkien errekurtsoarekiko. Gainditu gabeko arloen kudeaketa Hauspoak duen gertuko jarraipenaren bitartez bermatzen da. Maila eta arlo guztiek daukate beraien tokia proiektuan, instrumentalak berebiziko presentzia izanik –egunero izaten dira euskara, gaztelania eta matematiketako indartzeak–. Ikasleen uneko beharretara egokituz eta irakasleen gidalerro eta jarraibideak kontuan harturik ikaste prozesuan aurrera egiten bideratzen dira. Emaitzetan oinarritutako datu kualitatibo zein kuantitatiboak dira benetan arrazoia ematen digutenak.

Tailer eskaintza anitza da: urpekaritza, robotika, droneak, mekanografia, musika elektroniko ekoizpena-DJ klaseak, sukaldaritza, argazkigintza, antzerkia, xakea, eskalada, joskintza... Bestalde, lortu nahi beharreko erronka ikastetxeak herrira zabaldu eta hurbiltzea da. Gure ikasleak herritar aktibo bihurtu, eta horretarako ere tailer sozialak bultzatzen ditugu –gure nagusien erresidentzietan akonpainamendu lanak, Haur Hezkuntzako umeen dinamizazioa...–.

Errotuta dagoen proiektua da; izan ere, gure Hezkuntza proiektuetako oinarrietan eusten den zutabe nagusietako bat da. Ezin dugu ahaztu, ikastetxe publikoak garen heinean, gizartearekiko erantzukizuna dugula: aniztasunari arreta eman, ekitatea bermatu eta bizikidetza positiboa sustatu behar dugula.

Ukaezina da onurak baino ez dituela ekarri esperientziak, eta horrela jasotzen da hiru hilean behin egiten diren jarraipen eta balorazio datuetatik. Hezkuntza ikuskaritzak, zonako Berritzeguneek eta ikastetxeetako gurasoen, ikasleen eta irakasleen ordezkariekin batera osatutako batzordeak dira proiektuen jarraipenaren arduradunak. Esperientziaren alde egin zuen Hezkuntza Departamentuak eta ebidentziek frogatu dute eredu berri hauek bikaintasunerako bidea direla eta emaitzen hobekuntza dakartzatela. Gure hezkuntza komunitateak herrira loturik daude eta bide horretan lortuko dugu gure gazteak etorkizun hurbileko herritar bilakatzea. Ez dakigu zein izango den proiektuaren etorkizuna, Hezkuntza Sailaren esku artean dago orain erabakia. Zuzenean inplikatutako onuradunen iritziak kontuan izan beharko lituzkete, eta horietan oinarritu azken erabakia hartzeko.

Identitate propioa ematen digun proiektu honetan sinisten dugulako, helburu nagusiak lortu direlako eta itxaropenak erruz bete direlako, lanean jardungo dugu. Ez dakigu pilotaje honen amaiera noiz izango den eta aurrerantzean proiektua aldatu egingo den, baina lurreratze gabeko hegaldia izango den itxaropena ez dugu galduko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak