Hala ere, oraindik asko falta da egiteko euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politika behingoz amaitzeko. Dozenaka preso etxean lirateke jada hau aplikatu ezean –adineko presoak, gaixotasun larriak dituztenak, Frantzian betetako kondena kontuan hartu ez zaizkienak, kondenaren hiru laurdenak beteta dituztenak…–. Salbuespen politika anker honen beste sintoma bat ere bada gradu progresioan dagoen blokeoa eta euskal presoek ia ezinezko izatea hirugarren gradua lortzea.
Honetaz gain, gerturatze asko eman diren arren, EPPKko presoen %40 soilik aurkitzen da Euskal Herriko espetxeetan eta gaur egungo testuinguruan ez dago aitzakiarik kopuru hori %100 ez izateko.
Bide honetan, aurrerapausoak ematen jarraitu beharra dago; izan ere, 10 urte igaro dira ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik. Armak uzteak ez zuen gatazkaren amaiera esan nahi, arazo politiko bat konponbide politiko batekin soilik konpon daitekeelako, baina bakea eta itxaropenari ateak zabaltzeko balio izan zuen, ordea.
Konponbide demokratiko bat urrun ikusten da bere miseriak ezkutatzeko espetxeak erabiltzen dituen sistema honetan. Zer esan, bestela, hainbat eta hainbat euskal herritar ziega ilun batean sartu eta giltza botatzen duen espetxe politika honi buruz? Berandu baino lehen, presoen auziari konponbide duina eman behar zaio, haiengatik, senide eta lagunengatik, elkarbizitzarengatik, eta, nola ez, Euskal Errepublika eraikitzeko haiek ere beharrezkoak ditugulako.
Aipamen berezi bat gure herrikide diren Josebaren, Gotzonen eta Albertoren egoerei. Adineko preso den Joseba, 30 urte kartzelan. Gotzon, bizi osorako espetxe zigorra izan daitekeenari aurre egiten. Alberto, 24 urteko kondena bete arren, oraindik bere sorterrira ezin itzuli. Noiz arte?
Gutxi batzuk, beraien interesak direla-eta, tamalez, eroso egongo dira egoera honekin. Gehiengoa, aldiz, aspaldi batu zen giza eskubide, elkarbizitza eta bakearen aldeko bidera. Horren erakusle izango da, beste urte batez, Bilboko kaleak txiki uztea. Etxerako bidean, U8-an Bilbora!
----------
Jon Tome Korkostegi
Oñatiko Sortuko kidea
Oñati