Presoak eta errefuxiatuak COVID-19aren osasun krisian

Erabiltzailearen aurpegia Jon Tome Korkostegi 2020ko api. 30a, 00:00

Duela hilabete, NBEko idazkari nagusiak su-eten mundiala eskatu zuen. Dei orokorra egin zien nazio askapen mugimenduei eta talde armatuei, armak utzi eta bakearen aldeko hautua egiteko.

Gaur egun gatazka armatuak dituzten hainbat herrialdetatik positiboki erantzun zioten eskaera horri –Kamerun, Kolonbia, Libia, Filipinak, Yemen, Siria…– eta hainbat talde armatuk su-etenak iragarri zituzten. Aipatzekoa da, adibidez, Kolonbiako ELN erakundeak egindako urratsa, aldebakarreko su-etena iragarrita.

Pandemiak eragindako sufrimendua arintzeko testuinguruan, eta aipatu ditudan eragileek egin dituzten urratsak adibide moduan hartuta, politika humanitarioak martxan jartzeko garaia iritsi da. Badira birusak bereziki mehatxatzen dituen bi kolektibo: errefuxiatuena eta presoena.

Herrialde ezberdinetako –Grezia, Somalia, Bangladesh…– errefuxiatuen kanpalekuetan, OMEk birusari aurre egiteko ezarritako gomendioak luxu hutsa dira. Nola garbituko dituzte errefuxiatuek eskuak, maiz iturri bat soilik badaukate ehunka pertsonarentzat? Edo nola mantenduko dute segurtasuneko distantzia, familia oso bat logela batean bizi denean? Errefuxiatuek bizi dituzten baldintza inhumanoek hondamendia eragin dezakete birusa kanpamentutara iristen den momentuan.

Euskal presoek bizi duten egoera ere kezkagarria da. Higiene baldintza txarrak eta zerbitzu mediku desegokiak direla eta, NBEk kartzelak gune seguruak ez direla esan eta gobernuei presoak kaleratzen hasteko neurriak hartzeko eskatu die –batez ere, preso politikoak, adinekoak eta gaixoak–. Agintari espainolen erantzuna, ordea, egoera jasangaitzago egitea izan da. Presoak bisita gabe utzi dituzte, eta kartzelak hustu ordez, gaixoei arreta medikoa emateko gune batzuk gaitu dituzte, gainontzeko guneetan beste preso guztiak pilatuz.

Bi kolektibo hauek orain arte bizi baldintza gogorrak bazituzten, orain birusaren mehatxua ere gehitu behar zaio. Pertsonen ongizatea lehenesten duten politikak hartu behar dira, datu makroekonomiko eta interes elektoralen gainetik. Birusak eragindako egoera hau inflexio puntu bat izan daiteke denon artean eraiki nahi dugun sistema ekonomiko, politiko eta sozialari buruzko hausnarketa bat egiteko.

----------

Jon Tome Korkostegi

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak