Herri erdian zentral termiko bat. Goizeko 4:30ean zoramena hasten zen; errepide kaskarretan kotxeak kontrol barik klaxona jotzen eta ehunka bizikleta pasatzen, nahiz eta euria edo elurra egin. Pobrezia bai, baina miseria ez zen ikusten. Txakurren haragia oso preziatua. Etxe latzak eta txabola asko. Kaleak urbanizatu gabe; lankidea kaletik zihoan gora begira kable elektrikoekin ez trabatzeko eta tapa gabeko estolda batetik jausi zen. Lantegian, dozena bat langile beti guri begira, behin berrogei txino zenbatu nituen. Normala zen txinoak lotan aurkitzea armairuko apaletan. Hitz gutxirekin, keinuekin eta marrazkiekin ulertzen genuen elkar. Haien galderak beti berdinak: kotxea duzu? Eta etxea? Zenbat ordaindu duzu hegazkinaren ticketa? Erantzunekin harrituta eta liluratuta gelditzen ziren, helburu lortezina zen haiendako!
Hiru bosturteko geroago, hiri beretik pasatu naiz eta ni gelditu naiz harrituta eta liluratuta. Bizikletak ia desagertu dira, errepide kaskarrak autobide bihurtu dira. Kaleak txukun urbanizatuak. Txabolak zeuden lekuan, hormigoizko eraikinak. Langileak, kotxe edo etxearen jabeak. Hori bai, hor jarraitzen dute poluzioak eta trafikoaren zoramenak.
Munduko diktadura handien agintariek bazekiten egoera eutsiezina zela. Erabaki zuten askatasunen falta mantentzea baina ondasun materialak herrira zabaltzea. Momentuz, mila-miloi txino dira iphone batekin konformatu. Askatasunaren eskaera aurrerago etorriko da.