Zerura begira

Esan ohi da ez garela zerbaiten garrantziaz eta eraginaz ohartzen galtzen dugun arte.

Halako batean konturatzen garela noizbait, beste une edo egoera batean, zoriontsu izan ginela.

Gaur egungo munduari erreparatuz gero, gehienok esango genuke gaizki dagoela, inoiz baino okerrago, arrisku larrien mehatxupean. Adituek, aldiz, diote egiaztatu daitezkeen datuek ez dutela beldur eta kezka hori baieztatzen.

Gerrak, klima aldaketaren ondorioak eta zapalkuntza bistakoak izan arren gizateriaren historian ez dela horrenbeste jende hain ondo bizi izan, gosea jasaten dutenen kopurua inoiz baino txikiagoa dela, haurren heriotza-tasa asko jaitsi dela, emakumeen eskubideak eta sexu arteko parekotasuna zabaltzen ari direla... eta aberastasuna ez dela inoiz hain banatuta egon, pobreen kopurua handia izan arren.

Etxe atarian ditugun arriskuen artean, hala ere, batek gero eta kezka handiagoa sortzen du. Bigarren Mundu Gerra ezkero lehen aldiz, Mendebaldean demokrazia arriskuan da. Demokrazia, gure gizarteetan dugun demokrazia inperfektu eta akatsez betetako hau, ez da berez zerutik eroritako zerbait. Gizakia gizaki denetik, mugitzeko, pentsatzen duguna adierazteko eta gureak diren erabakiak hartzeko askatasuna izan dugun tarteak neurtuz gero, tanta txiki bat izango lirateke urteen itsasoan. Eta orain, tanta urri hori ere arriskuan da.

Munduan demokrazia formala, burgesa, inperfektua... duten herrialdeak gutxi dira. Zortzi mila miloi pertsona gara munduan eta bost mila milioitik gora eremu horretatik kanpo bizi dira, eta kopurua handitzen ari da urtetik urtera.

Demokrazia hitzak eta askatasunari buruzko xehetasunek eztabaida guztiak onartzen dituzte, zalantzarik gabe, baina, inoiz, sarri mespretxatzen dugun hau galduko bagenu, igarotako garaiak etsipenez oroituko genituzke, seguruenera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak