Mendebaldean jaio eta bizi garenok azken hamarkadetan, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, gizarte oparoan bizitzera ohitu gara. Arazoak badira, guztiok ez gaude egoera berean eta konpondu behar ugari dugu. Baina gehiengoak oinarrizko beharrak aseta ditu eta ongizatearen babespean dago. Munduan zehar bizi direnen hiru laurdenak aldatuko luke bere egoera eta inguruak eman dizkion baliabideak guk hemen ditugunekin. Eta hemen guk nahiko genuke honek beti berdintsu irautea, eta, ahal izanez gero, hobetzea.
Baina ez da posible izango. Munduak, Lurrak eta gizateriak aspaldi elkartu edo pilatu gabeko krisi kopurua bizi dute. Txinak anabasa deitu dio, eta Nazio Batuetako idazkari nagusiak Mundua arriskupean dagoela, zer edo zer egin beharko dugula, aspaldiko partez ez dugulako antzerako ezer bizi izan. Eta alde guztietatik gauza bera eskatzen digute: aldaketa.
Gertukoenak, Ukrainako gatazkak eragindako erregai eskasiak eta inflazioak, ohitura batzuk, bizitzeko, lan egiteko eta kontsumitzeko moduak derrigorrez eraberritzera eramango gaitu. Epe motzean, krisi ekonomikoa eragingo du argindar garestiak, egungo prezioetan ekoizpenari eustea ezinezkoa izango zaielako enpresa askori. Horretarako, eguneroko ohiturak eta errutinak aldatzen hasteko eskatzen digute: aire egokitua, dutxa, autoaren erabilera... Hemen egin beharreko aldaketak jasangarriak izan litezke.
Epe ertainean, behin eta berriz aipatu arren ikusi nahi ez dugun mamuaren itzala dugu gainean. Gizakion jardueraren ondorioz klima aldatzen ari da. Gure bizimoduak, baliabideen erabilerak, jakiak ekoizteko moduak, aisialdia disfrutatzeko erak, gero eta kalte handiagoa egiten diote naturari, gero eta gehiago garelako eta gero eta jende gehiago iritsi daitekeelako orain dela gutxi arte banaka batzuen eremu mugatua zen horretara.
Azken hilabeteetan naturak emandako astinduek, gero eta bortitzagoak diren fenomenoek, eguraldiak erakusten dizkigun desorekak, behin eta berriz iristen ari zaizkigun hondamendiek ohartarazten digute hau benetakoa dela, irteerarik gabeko bideak jorratzen hasita gaudela, itzulezina izan litekeela. Eta hor derrigorrezkoak dira sakoneko aldaketak.
Gaur egun, Mendebaldekook kontsumitzen dugunaz bakarrik ingurumena eta gure bizilekua agortzen, lehortzen eta usteltzen ari gara. Eta hemen eskatzen zaizkigun aldaketak ez dira epe motzekoak, ez dira arinak. Sakoneko ohiturak aldatu beharko ditugulako. Gutxiago edukita, bidaiak gehiago tartekatuz, kontsumoa urrituz eta gaur egungo neurgailuak erabilita, okerrago biziz bakarrik erantzun ahal izango diogulako aurre egin nahi ez diogun erronka izugarriari.
Ez dugu sinistu nahi, benetakoa dela aitortuko bagenu, iraultza mingarria eskatuko ligukeelako. Orain arteko gehienak balioko ez duelako eta gaur egun dugun pasatze erosoa goitik behera inarrosiko zukeelako. Hemen bai, aldaketa samingarriak ezinbesteko bihurtuko dira.
Baina inguruari begiratu eta ikusten ari garena sinistu nahi badugu, behinik behin, beste kontu bat hautemango dugu, ez dagoela denborarik eta gure plangintza eta tresneria hondatuta daudela, matxura larriak dituztela.
Gure mundua, gure ongizate gizartea, ekoizpen sistema jakin batean oinarrituta dago, etengabeko kontsumoarena. Lehengaiak, mota guztietako tresnak, baliabideak... helburu bakar batera zuzenduta daude, gurpil ero bihurtu den zurrunbilo zorora: sortu, kontsumitu, bota eta berriro lehen laukira itzuli. Gure Mundua antolatu eta garatu dugu Lurra agorrezina balitz bezala, eta orain arte, itxuraz, inor ez da ausartu hori salatzera, baina, batez ere, hori mozteko erabaki eraginkorrak hartzera. Eta gehienok ez dugu ikusi nahi begien aurrean duguna. Orain arte, asmatu dugu: teknologiak konponduko du, azken orduan asmakizunen batek salbatuko gaitu...
Adituek diote kontuz ibili beharra dagoela jendea ez aspertzeko, gogait ez egiteko, mezua gorrotagarri ez bihurtzeko… Sinesmena ikusi eta egiaztatu ezin daitekeena ontzat ematea omen da. Baina gure joko honetan juxtu kontrakoa egiten ari gara: begien aurrean duguna, ukaezina dena eta eguna joan eta eguna etorri azaltzen zaiguna atzera botatzen dugu, ukatu egiten dugu gure erosotasuna arriskuan jarriko duelako, etorkizuna ilunduko digulako, zer garen eta, batez ere, zer egin dugun aitortzera eramango gaituelako. Ez dakit noizbait, berandu baino lehenago beharko zukeelako, horretaz jabetzeko ausardia izango ote dugun. Hala bada, egin beharreko ahaleginak aldaketak eskatuko dizkigu, aldaketa sakonak; gehienak, jasangaitzak.