Ukrainako tragediak europarron egunerokoa aldatu du, ez horrenbeste zuzeneko ondorio gordinenak jasaten ari garelako, komunikabideetan, elkarrizketetan eta eguneroko irudietan beste ezer ez dagoelako baizik. Europa suntsitu zuen Bigarren Mundu Gerraren parean jarri du zenbaitek; iragana eta etorkizuna erabat bereizaraziko duen gertakizuna izango dela diote beste batzuek.
Egia da Ukrainako gatazkak dardarka utzi dituela sendoak eta iraunkorrak ziruditen oinarriak. Etorkizunari buruz, aldiz, ziurgabetasun nabarmena sortu du, eta zahartutako gizarte honetan aspaldiko mamuak eta beldurrak piztu dira. Gerraren nondik norakoak eta izango dituen ondorioak antzematea ezinezkoa zaigu oraindik.
Gertatzen ari dena katastrofe beldurgarria dela ez dago ukatzerik, baina mundua zabala da, eta, askotan, guretzat gardenak diren ahotsen oihartzuna ez da uste bezain urruti iristen. Afrikako herrialde gehienek ez dute hautaketa garbirik egin batzuen edo besteen alde. Harridura ere azaldu dute, gerra egoera ez delako kontu berria, Afrikan bertan eta beste hainbat lekutan leherketak, hilketak eta babes bila ihes egin behar dutenen irudia ohiko kontua baitira. Ez dute ahaztu orain elkartasuna eta jarrera garbia eskatzen dizkieten horiek orain dela gutxi arte euren lurraren jabe izan direla. Kolonia garaian indarkeria eta beldurra zirela nagusi Kontinente Beltzean eta ondorengo garaietan gure portaerak ez duela beraien konfiantzarik eragin.
Ohartu dira azalaren eta begien kolorearen arabera bereizten ditugula laguntza eskatzera datozkigunak, jatorriari begiratzen diogula muga pasabidea ireki aurretik. Ukrainarrei ateak zabaldu dizkiegun bitartean, Afrikatik, Siriatik eta Afganistandik iritsitakoei hemen lekurik ez dutela adierazten diegu muga zeharkatzen ahalegintzen direnean.
Asiako mendebaldetik gogoratzen digute Irak inbaditzea erabaki genuenean milioika pertsonaren aurkako oihuei ez geniela inongo jaramonik egin. Herri bat txikituta utzi genuela, bertara eraman gintuzten arrazoiak aitzakia hutsa zirela egiaztatu arren. Libia bonbardatu eta hankaz gora jarri genuenean, ondoren Gadafiren armategi handi eta aberatsak Sahel osoa gatazka eta indarkeria eremu bihurtu duela axola gabe. Afganistandik ihes egin genuen, ehun mila pertsona hil eta bi bilioi dolar xahutu ondoren...
Ukrainako gerrak gure bizierari eusten dioten zutabeak kolokan jarri ditu; etorkizuna ilundu eta, seguruenera, urte zailagoak datozkigu, eta gutariko askorentzat beltzak izango dira datozen garaiak. Baina Afrikatik eta Asiatik erantzuten digute beraiek aspaldi bizi direla oinarri eta euskarririk gabe. Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak bikoiztu eta hirukoiztu egin duela gariaren eta olioaren prezioa. Euren gobernuek ez duten dirua gastatzen ari direla beraiek egunean behin gutxienez jan ahal izateko. Gosea pasatzen ari direla eta ezer gutxi egin lezaketela egoerari aurre egiteko, beraien lur oparoenetan, gure abereen pentsua egiteko gaiak edo jaki guztiei botatzen diegun olioa ateratzeko palmondoak dituztelako.
Ingurumena zaintzeko beharra behin eta berriz gogoratu eta azpimarratu diegula ere esaten digute, guk mendeetan egin duguna beraiek ezin dutela egin, Lurra mugatua delako eta gure etorkizuna, gizateria osoarena, arriskuan dagoelako. Baina guk zailtasunak izan ditugunean, pandemia edo gerra medio, ez dugula inongo eragozpenik izan erregai ekoizpena eta kontsumoa neurri gabe gehitzeko, gure bizimodu oparoari eutsi ahal izateko...
Esan ohi da krisi garaiak aproposenak direla iraganeko ohiturak eta joerak baztertu eta bide berriak jorratzeko. Ukrainakoak agerian utzi ditu berriro ere lurraldeen eta giza taldeen artean dauden desoreka nabarmenak. Pandemiaren amaierak mundu berri bat ekarriko zigula pentsatu genuen, hobeak izango ginela handik aurrera. Gaitzak eragindako larrialdian, betiko okerrak eta hutsegiteak alboratu eta ikasitakoa gauzatuko genuela amestu genuen. Baina gu ez gara hobeak eta mundua ez da apenas aldatu.
Lehengo erronkak ate joka dira berriro. Adituek eta jakintsuek diote gizateriak duen arazo eta arrisku handiena klima aldaketa dela, inork ezin duela hortik ihes egin eta guztion erantzukizuna dela, hondamendia galarazteko lana eta konpromisoa, elkartasunean eta elkarlanean oinarrituta. Baina horrek bakoitzak dituen ahalmenen eta baliabideen araberako ahalegina egitea eskatzen du, eta guri, herrialde aberatsetako biztanleoi, dagokigu konpromiso gogorrena. Askoz gehiago dugulako, galera handiagoa tokatuko zaigu, eta etorkizunak guztiontzako izan behar badu, okerrago biziko garela aitortu eta onartu beharko dugu. Hala ez bada, etorkizuna ez da guztiona izango, eta bidegabekeriak han urruti, baina baita hemen gertu ere ugaritu egingo dira.