Makiavelok zioen gezurra indar handiko tresna politikoa dela, egia sinistea asmakizunak onartzea baino zailagoa omen delako. Joseph Goebbels nazien garaiko Propaganda ministroak erakutsi zigun mila bider esandako gezurra egia bihurtzen dela... Baina, itxuraz, gaur egun gertatzen ari dena beste zerbait da. Egia-oste deitu dugunak guztia aldatu du, gaur egun berdintsu baita zer den egia eta zer ez, gure iritziek eta gure emozioek balio eta garrantzi handiagoa dutelako datu edo iritzi zuzenek baino.
Fenomenoa aztertu dutenek diote egia-oste hori 2008an mundua eta, batez ere, Mendebaldea astindu zuen krisiaren ondorioz sortu zela. Erdi mailako klasea ahuldu egin zuen, pobreen eta aberatsen arteko aldea zabaldu, eta jende asko bazterrean geratu zen. Etorkizuna ilundu zitzaien eta ondoeza eta amorrua nagusitu ziren. Giro hartan emozioak ukitu eta suspertzea erraza izan zen horretan ahalegindu ziren politikarientzat eta komunikabideentzat. "Etorkinak dira errudunak", "betiko politikariek lapurtu egiten digute", "gertatu zaizuna pertsona eta talde jakin batzuek eragin dute". Jendeari entzun nahi zuena esan zitzaion, zuzena ala okerra zen kontuan hartu gabe, eta sufritzen ari ziren haiek onartu egin zuten, zauriak sendatzeko botika behar zutelako. Sare sozialek, berriz, inoiz pentsatu gabeko mugetaraino eraman dute joera hori.
Sare horietan bilatu eta aurkitu dezakegu entzun eta irakurri nahi duguna. Mugarik gabeko eremu honetan beti iritsiko gara helburura, baten batek esango digu zuzen ari garela, inguruak, adituek eta arduradunek zentzugabekeria galanta dela erakutsi eta egiaztatu arren. Gurpila biraka hasi zen eta zurrunbilo bilakatu da; gaur egun, ez dago nondik heldu, nola jakin entzuten ari garen horrek sinesgarritasun apurren bat ote duen.
Gezurtien zerrenda luzeegia da, eta joko zikin horietan gehienok parte hartu dugu. Baina batzuek gailurrera iristea erdietsi dute eta harro azaltzen zaizkigu, inongo lotsarik gabe, egin dutena goraipatuz. Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidente izan den lau urteetan 30.000 gezur esan omen ditu, direnei eta ez direnei buruz nahastu eta aldatu du errealitatea, baina bere ahotik irtendakoa entzutera iritsi aurretik jakin arren faltsukeria borobila zela, milioika pertsonak sinistu egin dute, eta, behar izanez gero, hura egia dela armen bidez defenditzeko prest daude. Trumpek muturreraino eraman du egia-ostea-k jorratutako bidea: "Nire iritziak ekintzek baino gehiago balio du, nire borondateak eta ametsek lehentasuna dute; nirekin ados ez bazaude, ez dituzu nire ideiak ezbaian jartzen, niri zuzenean egiten didazu eraso".
Mundua sakelan jarri digun teknologiak gure nahiak egia bihurtu ditu. Behar dugun guztietan, hor aurkituko dugu gure aburu okerrak zuzen bihurtuko dituen lagun jakintsua, ezagutzen ez genuen konfiantzazko aditua, inor baino urrutiago iritsi den ikerlari ausarta. Nahi dugun mundua sortzeko tresna jarri digute eskuetan, eta ez gaude prest horri uko egiteko. Agintea eskuratu nahi izan dutenek, eta lortutakoan botereari eutsi nahi izan diotenek, jarraitzaileek eta menpekoek entzun nahi dutena esan eta adierazteko eragozpenik ez dute izan inoiz. Baina badirudi azken urte hauetan guztiok, inoiz ez bezala, gezurra sinesteko prest gaudela, ukaezina ukatzeko, eztabaidaezina kolokan jartzeko. Boteretik, aldiz, egia baztertu eta oinarrizko logikak eskatuko zukeen zintzotasunari barre egiteak aldekoen kopurua urritu beharrean handitu egiten duela ohartu dira, eta jarraitzaileak, gainera, sutsuagoak eta leialagoak direla.
Gezurrek, emozioek eta gureari erabateko lehentasuna emate honek gizarte taldeak muturrera eraman dituzte. Aurkaria etsai bihurtu dugu, elkarrizketa eta negoziazioa ariketa antzuak dira, garaipenak bakarrik balio baitu. Politikan eta giza jarduera orotan, akordioa lortzeko gure egiak eta sinismenak zalantzan jartzea ezinbestekoa da, arrazoiaren zati bat bakarrik dugula aitortzea, baina gezurra bihurtu bazaigu egia nagusi, ez dago zalantzarik, ez dago dudarik, hura ezartzea da aukera bakarra.