Esan ohi da historia irabazleek idazten dutela, baina, hori hala izanik, ondoren, behin eta berriz, une bakoitzeko irabazleek ezarritako ildoa hartzen du garai batean idatzitako hark. Iragan hurbila finkatzeko eragozpen nabarmenak ditugu guk bizi eta ikusitakoaz ari arren; atzera egin ahala, zailtasunak areagotu eta handitu egiten zaizkigu. Psikologoek diote gure memoria, bizi izandakoaz buruan gertatzen zaiguna, hautaketa baten ondorio dela eta, gehienetan, gertatu zenaren eta guk gogoratzen dugunaren artean alde handia izaten dela, guk oroimen oso garbiak izan arren.
Hil honetan 529 urte bete dira Kolon almirantearen ontziak Amerikara iritsi zirela; urteurrena iristen denean, sekula amaitu ez den eztabaida berpizten da. Historialariek oraindik argitu ez dutena da hura aurkintza izan ote zen, elkartzea ala lapurreta eta suntsipen luze eta gogorraren hasiera. Egun hauetan, orduan gertatutakoari eta erantzukizunari buruzko eztabaida berriro sortu da. Batzuek diote europarrok barkamena eskatu beharko genukeela orduan egindakoagatik, eta izandako jokaera onartezina izan zela aitortu; besteek, aldiz, horrelakoak gizakion historian zehar ohikoak izan direla eta ez dagoela ezertaz damutu beharrik.
Historialariei eta adituei hemen ere ezinezkoa zaie irizpide orokorrak finkatzea; historian zehar, gainera, aldatzen joan dira itxuraz mugiezinak ziruditen egiak. Zientzia edo ezaguera zientifikoa neurtu eta egiaztatu daitekeena da, baina metodo horrek, itxuraz, ez du balio gizarte zientzietarako, hor beste batzuk direlako jakituria horren oinarriak. Iraganari gainbegirada emanez gero, gutxienez, bi galdera sortzen zaizkigu: gaur egungo ikuspegi eta balio etikoetatik aztertu eta epaitu al daiteke noizbait pasatakoa? Non hasten da eta noraino iritsi behar du behin egin edo gertatutakoaren erantzukizunak?
Gizakia gizaki denetik mugitu izan da, lekuz aldatu da eta joan-etorri horietan ia beti gatazka sortu izan da, iritsitakoek bertakoak menderatu edo euren bizilekutik bota izan dituzte.
Hori hala izanik, beste hiru galdera sortzen zaizkigu: norenak dira lurrak eta bizilekuak? Zeren arabera erabakitzen da jabegoa? Zenbat denbora behar du herri edo talde batek bizi den leku hura berea dela ziurtatzeko?
Bibliak azaltzen digun lehen borroka benetan gertatutakoaren irudia da, Kain nekazariak Abel artzaina hil zuen. Abeltzain nomadek nekazarien kontrako borroka galdu zuten, hauek lur jakin batean finkatu, hura menderatu eta handik bizitzea bide egokiena zela uste zutelako, eta gaur egun onartu genezake beraiek asmatu zutela, lehen kokaleku horietan garapena indartu eta kultura sortu zelako. Baina leku horiek, lur horiek, aldi berean, borroka guztien eragile ere bilakatu ziren.
Hasierako garai ilunenak alde batera utzita, historia idazkerari lotuta azaltzen zaigu; ordutik aurrerakoari deitzen diogu kondaira. Orain dela 5.000 urte, Mesopotamian, sumertarrek osatu zituzten lehen hizkiak; harrezkero idatzitako zati handi batek erakusten digu noraino iritsi litekeen gizakia, zer egiteko gai den berea babesteko edo ezartzeko. Mesopotamian orain dela 5.000 urte hasitako borrokak ez dira oraindik amaitu. Sumertarrak lehendabizi, ondoren akadiarrak, asiriarrak, egiptoarrak, greziarrak, erromatarrak, arabiarrak, hispaniarrak, ingelesak, frantsesak… Hori, Mendebaldeari dagokionez. Amerikan europarrak iritsi aurretik beste horrenbeste aurki genezake, gauza bera Asian…
Zeini eskatu behar diote barkamena gaur egungo irakiarrek edo egiptoarrek? Zer edo zer zor al diete italiarrek Mediterraneo itsasertzeko herriei? Zenbat aldiz aitortu behar dute euren zapalkuntza eta suntsipena onartezinak izan zirela gaur egungo frantsesek, ingelesek edo espainiarrek? Inoiz amaitzen al da errua? Nire gurasoek egindakoaren erantzule al naiz?