Azpikontratazioa

Enpresek azpikontrataziora jotzen dutenean, hiru arrazoi nagusi izaten dituzte: adituen lanaz baliatzea beraiek ez duten espezializazioan sakontzeko; jardueraren adar nagusian sendoago aritzeko; eta, normalean guztien gainetik izaten dena, dirua aurreztu edo gutxiago gastatzeko.

Enpresek, publikoak ez badira, behintzat, helburu garbia izan ohi dute, dirua irabaztea; horretarako sortzen dira eta hori da ahaleginaren emaitza. Erakundeen xedea, berez, beste bat litzateke: gizartea antolatu, zerbitzuak sortu eta egituratu, harremanak erraztu… Herritarren ongizatea lortu euren baliabideen arabera. Ahalegin horretan, desatseginak eta kritikagarriak diren eginbeharrak asko dira, baina pentsa liteke zerbitzu publikoaren aukera egin duenak horiei buruzko hausnarketa egin eta lanaren ezinbesteko kaltetzat hartuko duela.

Demokrazia etengabe hobetu beharreko sistema dela ukaezina da, baina oinarri batzuk ezin dira ezbaian jarri. Gehienok aitortuko genuke aldiro-aldiro ordezkari politikoak hautatu behar izatea sistema horren zutabe garrantzitsuenetakoa dela, derrigorrezkoa. Baina, itxuraz, kasu horretan, bertutea bekatu bihurtzen zaigu. Gizartearen ardatzak finkatuko dituztenak aukeratu behar izateak hauteskunde horiek bihurtzen ditu politikariek ezinbestean irabazi beharreko erronka, hori lortu gabe beste guztia alferrikakoa baita, agintean eta ardura postuetan bideratu eta gauzatu daitezkeelako egitasmoak.

Jarduera bera, beraz, gurpil zoro bilakatzeko arriskua handia da: "Zenbait erabaki hartzen baditugu ez digute botorik emango, irabazten ez badugu ezinezkoa zaigu agindutakoak betetzea, eta, gainera, egoera askotan, etxera joan beharko dugu, gure ospea eta lana galduta". Hori gerta ez dadin, politikariek bi bide hartu ohi dituzte: erabaki zailak eta aurkako jarrerak sortuko dituztenak saihestu eta euren postua eta gizartearentzat egokia izan litekeen proiektuaren artean deliberatu behar badu, lehendabizikoaren alde jo.

Horregatik, agian, gobernuek eta erakundeek beste batzuen esku uzten dituzte beraienak diren ardurak eta betebeharrak. Europako Batasunak Turkiari sei mila miloi eman dizkio bertara babes bila joandako errefuxiatu siriarrez ardura dadin, edo, gutxienez, Europarako bidea itxi diezaien. Libiako kostazainek Bruselatik jasotzen dituzte dirua, armak, tresnak eta baliabideak, Afrikatik abiatzen direnak gurera iritsi ez daitezen. Eta Europako Batasunak jakin badaki itzularazitako etorkin eta errefuxiatu horiek infernura bidaltzen dituztela, Libian gaur egun ez dagoela legerik, indarrak eta arma boteretsuenek agintzen dutela eta talde armatuen esku erortzen direnek itxaropen guztia galdu behar dutela.

Europako Batasunak berak kudeatu lezakeen baino zabor gehiago sortzen du. Zati bat birziklatu egiten dugu, beste bat erre edo energia bihurtu, baina tratamendu zailena duen zarama kanpora bidaltzen dugu. Orain dela gutxi arte, Txinak hartzen zigun kanporatu nahi genuen hori, baina, gogait eginda, ateak itxi dizkigu. Orain, Asiako beste herrialde batzuek erosten digute zaborra. Guztiek birziklatzeko konpromisoa sinatzen dute Bruselako agintariekin, baina zabor horren bidea jarraitzea ezinezkoa da, eta horretan saiatu direnek egiaztatu dute gehienak erreta edo lur azpian bukatzen duela. Afrikako zenbait herrialdetara, berriz, Europako zabor elektronikoa iristen da, asko eta asko kontrolik gabe, Europan birziklatzeko hitza eman dutenei askoz merkeago ateratzen zaielako Afrikako zabortegietan uztea, horrek kutsadura beldurgarria eta gaixotasun ugari eragin arren.

Europako Batasunak bere mugetatik kanpo zerbait erosten duenean, ekoizleari baldintza zehatzak jartzen dizkio, erabilitako produktuez, langileen baldintzez, eragindako kutsaduraz… Baina kondizio horiek ez dira inoiz betetzen, ekoizle nagusiak, Europako erosleek eta guk, bezerook, produktu merkeak eta onak nahi ditugulako, eta, aurkakoa esan arren, gehienoi ez zaigu axola zeinek eta nola egin dituzten.

Gerra egiteko modua erabat aldatu da azken urteetan, ondo antolatutako bi armadaren arteko enfrentamendua antzinako kontua da. Gaur egun bizirik dirauten gatazketan, borrokaren lehen lerroan ari direnak ez dira soldaduak, baizik eta gobernuek ordaindutako gerrillariak, mertzenarioak eta gero eta ugariago bihurtu diren kontratistak. Mendebaldeko gobernuak aspaldi ohartu ziren zein garesti ordaintzen den frontean norberaren soldaduak galtzea; horregatik, beste batzuk bidaltzen dituzte lan zikina egitera...

Politikan, baita Europakoan ere, azken hamarkadetan mugarik gabe hedatu den minbizia da, inork ez du erantzukizunik hartu nahi. Errua beti bestearena da, aitzakia eta ardurarik eza bihurtu zaizkigu azalpen guztien argudio nagusi, eta hutsegiteak galarazteko bide errazena beti izan da norberak egin beharrekoa beste baten bati agintzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak