Birusa gizartearen hezur-muinetaraino sartu baino lehenago, brexit-ak kolokan jarri zituen Europan sendoak ziruditen egiturak; aldi berean, gorrotoa eta iragana tresna politiko bihurtzen hasi ziren berriro. Ameriketako Estatu Batuetan, Donald Trumpek, galtzaileen etsipena eta ahulenen amorrua erabilita, pentsaezina uste genuena gauzatu litekeela erakutsi zigun. Han eta hemen, egungo orekak desegin eta mundu berria eskaintzen dizkiguten taldeak eta pentsalariak ugaritu egin dira.
Orain, amaieraren hasierak begi bistan dirudienean, beste behin ere, kontuak ateratzen hasi gara, berriro ere ohartu baikara gero eta jende gehiago atzean geratzen ari dela, galtzaileen kopurua gero eta handiagoa dela, eta egoera iraularazteko baliabideak gero eta urriagoak. Gaitzak sortutako beldurrek, etorkizunak eragindako kezkek, politikarien eta erabakiak hartu behar dituztenen arduragabekeriek gizarte barruan desadostasuna eta okerreko ezberdintasunak sakondu dituzte. Eta, horrelakoetan ohi denez, bazterrean geratzen ari direnak errudunak bilatzen hasi dira, eta baten batzuek eman dizkiete gorrotatzeko irudiak, euren zorigaiztoaren arduradunak.
Alderdi populistak, arazo zailei eta korapilatsuei konponbide errazak eskaintzen dizkieten taldeak, ugaltzen eta indartzen ari dira, konponbide horiek eman beharko lituzketenek ez dutelako erantzunik, ezin dutelako edo euren eginbeharrak betetzeko gai ez direlako.
Azken hamarkadetan, herrialde sozialistak erori ondoren, batez ere, Mendebaldeko gizarteetan mezu bikoitza zabaldu dute politikari gehienek, derrigorrezkoa dela aukerak berdintzea, jaio garen lekuak edo sortu gaituen familiak ez dezan gure etorkizuna mugatu. Horretarako, gizarteak bideak jarri behar ditu, abiapuntu bertsua izan dezagun, eta, horretarako, hezkuntza da tresna nagusia, baina ez bakarra. Estatuak eta gizartearen babesak oinarrizko joko arau horiek guztion esku jarrita, bakoitza bere buruaren jabe eta bere ekintzen arduradun ia bakarra litzateke, eta, horrela, ahaleginak eta lanak ahalbidetzen duten lekuraino iritsiko da.
Baina gure gizarteetan, abagunea eduki duten asko eta asko ez dira uste eta nahi zuten tokira iritsi. Estatuak oinarrizko azpiegitura eskaini ezin lezakeen lekuetan, iristen ez denak badaki ez dela bere errua bakarrik, beste leku batean edo beste egoera batzuen pean jaio izan balitz posible izango zukeela pentsa lezake. Baina hemen iritsi ez denak ezin dio inori errua leporatu, gure esku dagoela esan digutelako eta horretarako baliabideak eman dizkigutelako; lortu ez badugu, ezin dizkiogu inori kontuak eskatu.
Ameriketako Estatu Batuetan sakoneko gorroto korronte indartsua eragin du pentsamolde horrek. Irabazleen harrotasunak, elite kulturalen mespretxuak, goi ikasketak dituztenen aldarrikapenak, lortu dutena merezi dutelako erdietsi dutela behin eta berriz aldarrikatu izanak… Jarrera horrek zentzua, adimena eta zuhurtasuna aldarrikatzen ditu, gezurraren eta ilusio faltsuen kontra. Baina jarrera honen ifrentzua iritsi ez direnen irudia da, aukera izan eta huts egin dutelako. Eta hori Europara iristen ari da.
Merezimenduaren etikak alde ona badu, saiatzeko eta borroka egiteko bultzada delako, baina, era berean, gizartearen zati handi bat, gero eta handiagoa, kanpoan uzten du, ustez ondo egindako proiektuetatik at. Garaipenetik kanpo uzteaz gain, elkartasunik eza indartzen du eta gizarteak hausteko bidean jarri, bere lanaren eta ahaleginaren bidez zerbait eskuratu duenak ez duelako banatu eta partekatu nahi, ustez aukera izan arren aurrera ateratzea lortu ez duenarekin.
Gure bizitzan zehar bizi izan ditugun une eta egoera gehienak ez ditugu guk aukeratu. Kasualitatez jaio ginen jaio ginen lekuan. Ez genuen guk erabaki zein familiatan sortu, ezta gure gurasoen kultura maila eta aberastasuna. Bizitzan zehar aukerak egin ditugunean, zuri izan dena beltz izan zitekeen, gailurra eta amildegia eremu berean daudelako. Zalantzarik gabe, norberak egindakoak balioa du, egindako ahaleginak saria izan beharko luke beti, eta egia da batzuen lorpenak egindako eginahalen parekoak direla. Baina gure burmuinean datorrena, tokatu zaigun adimena, besterik gabe datorkigu, guk ezer egin gabe. Gure geneak hobeak edo okerragoak izan litezke, baina guk ez dugu hitzik hor. Umetan bizi izandako egoerek irteera asko itxi litzakete; babesak eta maitasunak, aldiz, gaindiezinak diruditen oztopoak saihestu.
Patuaren aukera harrigarriak inoiz baino nabarmenagoak izan dira pandemia honetan; berez osasun egoera bertsuan zeudenek era oso ezberdinean bizi izan dute gaixotasuna. Batzuek gripe arrunta balitz bezala gainditu dute; beste batzuek gorriak jasan behar izan dituzte; eta hil direnak ere badira. Etorkizuna laino beltzez estali duen izurrite honek egingo duen mina handiagotu egingo da gizarte barruko elkartasun tresnak indartzen ez badira, hondamendiaren ondorioak gogorren pairatzen ari direnekiko begirunerik ez badugu eta ongizatea orokorra ez bada ez dela ongizatea onartzen ez badugu.
Eta horretarako, inoiz baino derrigorrezkoagoa izango da jendeari beharren arabera laguntzea, zer diren eta nondik datozen kontuan hartu gabe. Bideak errazteko ariketa egokia litzateke bakoitzak bere buruari galdetzea gaur egun garenaren ze zati lortu dugun merezi izan dugulako eta zenbat iritsi zaigun egun hartan euria egin zuelako.