Ingurumenari eta klima aldaketari lotutako gaiek lehentasuna dute, baina, zoritxarrez, akordioak lortzeko ezintasuna egiaztatzeko. 1992an Rio de Janeiron klima aldaketari buruzko lehen batzarra egin zutenetik urteak pasa dira, baina ingurumena, natura, inoiz ikusi gabeko abiadan hondatu da urteotan, eta, itxuraz, abiada bertsuan eutsiko dio joera horri. Hala ere, munduko agintari gorenak ez dira gai oinarrizko akordioak lortzeko, eta sinatzen dituztenean ez dituzte betetzen edo, zuzenean, hitzartutakoa hautsi egiten dute. Aditu zenbaitek dio urtetan desegin dugunak ez duela konponketarik, berandu gabiltzala.
Hauteskundeak AEBetan
Eskoziako Glasgown dugu hurrengo hitzordua, baina, hori baino lehenago, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) munduko hauteskunde garrantzitsuenak izango dituzte, bertan erabakitakoak hango mugetatik kanpo zuzeneko eragina duelako. Horren adierazle, Donald Trump, historian zehar AEBek izan duten presidente harrigarriena: migrazioa izan zuen kanpainan hizpide nagusi; gero, hitzetan desegin zaio agindutako gehiena, baina egia da aukeratu zutenetik AEBetako gizartean zatiketa areagotu egin dela, eta etorkinekiko jarrera gogortu, Amerika handi horrek amerikarrentzat bakarrik izan behar duela uste baitu; estatubatuarrentzat.
Baina auzi honetan europarrok ez dugu harrotasunik erakutsi edo inori aholkuak emateko inongo arrazoirik. Mediterraneoa kanposantu handia bilakatzen ari zaigu eta Europar Batasunak ezin izan du orain arte zentzuzko biderik ireki iraganean, gaur egun eta etorkizunean buruhaustea izango den arazo honi aurre egiteko. Migrazioa, etorkinen joan-etorriak eta errefuxiatuen babes falta arazo izango dira hastear den urtean, ez du konponbiderik eta Europan derrigorrez erantzun bateratua aurkitu beharko dugu, etorkinak behar ditugulako eta erantzunik ezak gizarteak zatitu eta eskuin muturraren garaipena ekarriko duelako.
Lan baldintza eskasak
Arazo hauek lehen mailakoak dira etorkizuna ziurtatu eta oraina antolatzeko, baina, gaur egun, jende askoren kezka beste modu batekoa da, ekonomia arauak ingurumena bezain azkar desitxuratu direlako. Lan baldintzak gero eta eskasagoak dira, kontratuak motzegiak gure bizimodua era egokian antolatzeko, soldatak urriak, eta ekoizpen sistemak berehalako etekina du helburu nagusi. Enpresen eta lantegien izaera bera aldatu egin da, gai egokiak ekoiztu eta irabaziak izatea ez da nahiko. Finantza ekonomian akziodunak dira jaun eta jabe, mozkinak agindutakoa baino txikiagoak badira enpresa itxi edo lekuz alda lezakete...
Hastear den urteak kontu berri ugari ekarriko du, baina gizakiok ditugun sakoneko arazoak betikoak izango dira, gure jarduerak eragindakoak. Luze bizitzeko ametsak amesgaizto bilakatu zaizkigu; gero eta gehiago bizi gara, baina horrek sortzen dizkigun zailtasunak urtetik urtera handitzen ari dira. Garatu dugun sistema ekonomikoak berezkoa du kontraesana, ekoiztu, erosi eta kontsumitzen ez badugu, gurpil finkoko bizikleten gisa geratu eta erori egingo delako.
'Brexita'-a, Afrika ahaztua...
2020n munduko mapan brexit-a azalduko zaigu, herrialde arabiarretako ezinegona, Hego Amerikako herritarren etsipen amorratua. Afrika ahaztutako kontinentea izango da, eta, Asia mapa horietan kokatzen kostatzen bazaigu ere, aitortu beharko dugu Europa ez dela munduko ardatza, Atlantikoan gertatzen zirenak orain Itsaso Barean jazotzen direla, eta gu konturatu orduko txinatarrek adieraziko digutela zer den zuzena eta zer okerra, zein den bide egokia eta zein debekatutakoa. Hau guztiau ez da datozen hamabi hilabetetan gertatuko, baina gizateria jorratzen hasitako bide gehienek horrantz garamatzate, eta, konturatu orduko, betirako iruditutako errealitateaz etsipenez oroituko gara.