Guraso

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2025ko mar. 28a, 00:00

Martxoaren erdian, udaberriaren atarian, Aitaren Eguna ospatu dugu.

Aste batzuk aurrerago, udaberria loratzean, amek ere beraien festa propioa izango dute. Gaur, aita zein ama, guraso guztiak ekarri nahi nituzke zutabe honetara, horiek ospatu behar ditugu eta.

Guraso izatea esperientzia bizi eta eraldatzailea dela esaten da; bizitzan gertatzen direnetan sakonenetakoa. Zure bizitik bizitza berri bati sorrera eman, hura zaindu, babestu, hezi eta haren bidean laguntzeko ibilaldi luze eta zirraragarria. 

Hezkuntzan lan egiten dudanetik are sakonago antzeman dut guraso izatearen garrantzi berebizikoa. Guk, eskolan, pertsonen nortasunekin lan egiten dugu, haien forma landuz aspektu orokorretan. Baina etxean ikasi dena, gurasoengandik jaso den pertsona izatearen zatia, ia inoiz, nekez, aldatuko da. Guraso izatea bizitza bati forma eman eta hura markatzea da, onerako zein okerrerako. Gurasoen funtzioa erabakitzailea da, seme-alaben onerako ahalegin oso bete beharrekoa; bestela, kaltea iraunkorra izan daiteke. Eskolan guraso-funtzioa betetzeko egun ditugun erronka eta defizitekin, kalte hori gero eta nabariagoa da. Gurasoen funtzioa krisi larrian dago. 

Ez ditut gurasoak eszenatokira atera epaiketa publikorik egiteko. Ezingo nuke, ni neu guraso izan gabe, haien larruan jarri eta haiek egun bizi duten esperientzia baloratu edo minimoki ere ulertu. Hori bizi duenak soilik daki. Gainera, egunero, ikastetxean, ehundik gora ikaslerekin lanean, ikusten dut askok etxean bizi dituzten zailtasun eta arazoekin nekez lortzen dutela aurrera egitea. Aldiz, gure une historikoan gurasoek egiten duten ahalegina goraipatu behar dela esatera nator, haien lana indartu eta lagundu egin behar dela azpimarratzera eta lorpen oro, txiki edo handi, ospatzera gonbidatzera. 

Guraso bazara, lerro hauetatik zuri txalo! Txalo, guraso bezala zure seme-alabekin egindako lanarekin haientzat nahi duzun ongia lortzen baduzu; txalo, zuri ere bai, ahaleginduta, zure onena eman ondoren, haiekin lortu nahi zenuena lortu gabe etsipenak hartu bazaitu. Ez da erraza, dena lortzea ez dago gure esku. Zuen erronka gogor eta ausartean bakarrik ez zaudetela esatera gatoz, zuek egina ospatzera, eta bidelagun, zuekin batera bide egitera!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak