'Aurrenik, ikaslea'

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2024ko abe. 13a, 00:00

Arratsalde-pasa gozatzen dut, tarteka, Azkoitian, nire amonaren konpainian. 

Kontu-kontari 100 urteko etxekoandrea eta 40 urte eskaseko irakaslea. Beti biloba bakoitzaren bizitzako xehetasunak jakin nahirik bera, kontatu orduko ahaztu egiten zaizkiola.

Niri eskolako kontuez galdetzen dit amonak. Non irakasten dudan, zer moduzko ikasleak ditudan, haien atarramentua eta ohiturak, ikasgaiak eta ikasgelako bizipenak. Duela gutxi, aurten nagoen eskola ezagutzeko bidaia digitalean joan ginen, eskolako tableta digitalean barrena, aplikazio eta bilatzaileen laguntzaz: ikastetxeko irudiak, ikasleen jatorriak, ikasgaiak eta erronkak, denak ezagutu nahi.

Ikasleen lana kudeatzeko darabilgun aplikazio modernoan kuxkuxean aritu ginen azkenengoan: ikasleen notak jartzeko, etxera oharrak bidaltzeko, bilerak edo zaintzak antolatzeko... Dauzkagun tresna digital guztiak probatu nahi zituen, zirrararen zirraraz.

Ezustean, amonak lan digital hori guztia zertarako egiten dugun galdetu zidan. Hau dena ikasleekin egoteko denbora libre gehiago izateko dela bota nion, erantzun hoberik bururatu ezean. Haren begitik, masail zimurtuan behera, malko lodi eta distiratsua jaisten ikusi nuen. "Gure irakasleek gurekin egoteko denbora izan balute, zer izatera iritsiko ote ginen gu, gure garaian!", hasperen egin zuen amonak.

Guztiz sutu zitzaidan barrua une hartan, amonak bere mendean eduki ez zuen aukera gure ikasleei orain ukatu egiten diegula ikusita. Digitalizazioa bultzatzen dut hezkuntzan, aukera izugarriak zabaldu eta denbora-lan dezente aurreztu digulakoan. Baina denari bere neurria! Tresna berriekin eginkizunak ere biderkatu egin dizkigutela salatu behar da: faltak jartzea, bilerak eta telefono-deiak idatziz erregistratzea, programazioak enegarrenez berregitea, eta beste mila betekizun berri, Administrazioari eta pedagogo esperimentalei bururatzen zaizkien heinean.

Horretan xahutzera behartuta gaude hezitzaileok gure denbora, eta ez ikasleekin egoten, behar duten arreta eskaintzen, haien alboan. Gure aisialdia sakrifikatuta ere ez gara iristen behar duten arreta ematera. Gure denbora mugatuan lehentasunak markatu behar badira, ikasleekiko harreman pertsonalizatua hezkuntzaren lehen klabea da, egun burokrazia digitalari sakrifikatu dioguna. Alderantziz behar luke guztiz. Hezkuntzan hain maite ditugun eslogan edo lelo horietako berri bat zabaltzen hasiko naiz: Aurrenik ikaslea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak