Festara

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2024ko ira. 27a, 00:00

Irailaren 22a da. Udararen amaiera eta udazkenaren hasiera lotzen dituen arratsalde honetan, lerro hauek idazten ari naiz.

Data honetan, J.R.R. Tolkien idazle britainiarraren unibertso mitologikoan Hobbit Eguna ospatzen da. Tolkienzaleak urtero handikiro ospatzen hasi diren egun bat.

Tolkienen Eraztunen Jauna (1937-1949) saga mardularen sarreran, Bilbo Zorrozabal hobbit zuhurrak, senideen presentzia gogaikarritik ihes egiteko, honela itzuli litekeen idazkun bat eskegi zuen etxolako atarian: Bisitarik ez, festa-konturako ez bada. Bilbo bere 111. urtebetetzea prestatzen lepo lanpetuta zebilen, bisitak uxatu nahian. Atariko mezu hark beste irakurketa sakonago bat onartzen du, baina.

Izaki alai eta festazale gisa asmatu zituen Tolkienek bere hobbitak. Ipotxak izan gabe, metro eta erdira iristen ez ziren oin handiko eta irribarre zabaleko pertsonaia jolasti haiek bizitza lasaiaren gozamenean adituak ziren. Jaki xaloz ondutako otordu oparoak eta edari gozoak, arima pizteko musika eta dantza pozkorrak, pipa bat edo beste tarteka, baserriko lanen eta naturaren erritmoen arabera bizitako ordu bakoitza gozatzearen zientzian maisuak, filosofia sakonetan galdu gabe. 

Bi mundu gerren ondorengo gizarte sarraskituan bizitza xalo eta lasaiaren gozamenaren eredu jarri zituen Tolkienek bere hobbit alaiak. Gerraosteko gizartean bizitzaz sakonki gozatu eta ospatzeko gaitasunaren galerak sakonki kezkatzen zuen. 

Festa giza eginkizun ororen gailurra da: mundu eder-oker honen erdian, giza existentzian aurkitzen diren balio sakonen ospakizuna. Ohiko eginkizunak alde batera utziz, tarte sagaratu batean gure kideekin bizitzaren ondasunak gozatzeko aukera. 

Gure egunetan, antropologoek kezkaz ohartarazi dute festa egiteko giza gaitasun ederra galtzen ari dela, zentzuan oinarritzen diren ospakizunak parranda hutsal eta zentzugabeekin ordezkatuta. Parranda, hain zuzen, berezko zentzurik gabeko mundu baten zentzugabekeriaren aurrean ihesbide gisa praktikatzen delako. 

Festa egiteko gaitasunak errealitateari zentzua eta balioa emateko, haiek eskertzeko eta ospatzeko ahalmena erakusten du, parranda hutsaz gaindi. Festarako zentzua berreskuratu behar dugu. 

Udararen azken printzetan gure Oñatin festa-usaian gaude jada: asteburu honetan sanmigelak eta jarraian Errosario jaiak, Herri Eguna tartean; urteko data nagusi hauek sakonki, zentzuz eta elkarrekin gozatzeko aukera!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak