Anonfaloak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2024ko uzt. 19a, 00:00

Ez da birao bat.

Ondotxo ezagutzen nauzue, eta hitz bitxiekiko nire grina asegaitz hau, berben esanahi etimologikoak argitzeko afizioa. Biologiako liburu batean egin nuen estropezu gaur dakarkizuedan berbarekin: anonfalo. Ez da perretxiko bat, ezta itsas hondoko espezie berri bat ere. Grezieraz onfalos zilborrestea da, eta an aurrizki negatiboarekin, anonfalo zilborresterik gabe sorturiko izakiak izendatzeko kategoria zoologikoa da. Gure oñatiera jatorrean esango genukeen bezala, tripoliñik barik jaiotakoak.

Eta ez naiz pizti arraro edo espezie exotikoez ari. Lehendabizikoz hitz hau gizakion arbaso bibliko zaharrenak izendatzeko asmatu zen: Adam eta Eva izan ei ziren lehenengo anonfaloak: buztinetik eta espiritutik sortua lehena; haren haragi puska batetik bigarrena. Historian zehar xehetasun horri erreparatu dioten artistek zilborrik gabe irudikatu izan dute lehen guraso hauen bikotea, baita aingeruak eta sortze bereziak izan zituzten izaki mitologikoak ere. Fikzioak irudikatzen duen etorkizunean ere hala izango omen dira amaren sabeletik kanpo makinetan garatuko diren umeki eta gizakiak.

Baina ez dut horien artean nire gogoeta galdu nahi. Gaur egun, gure espeziean eta gure artean bertan dabiltzan anonfaloek pizten didate kezka. Zilborrik gabe edo hala ustean bizi diren gizakiengan pentsatzen ari naiz. Adam eta Eva gajoak bezala, gurasorik edo arbasorik inoiz izan gabe jaio izan balira bezala. Geroz eta maizago aurkitzen dira!

Giza harremanak desegiten ari diren aro digitalean, denok gure gurasoekiko naturaz zein kulturaz dugun lotura estua ahultzen doan unean, ondare baliotsu bat galtzen ez ote garen hausnartu behar genuke, serio jarrita. Harreman ahulen garai honetan ere ez da erraza anonfalo izatea, gure sabeleko lautadaren erdian dugun krater hori bistaz galtzea, zilborra! Gure gorputzaren erdigunean harro altxatzen da gure arbasoen leinuarekin lotzen gaituen marka genetikoa, guztiz pertsonala.

Eskolan geroz eta larriago egiaztatzen den kezka da belaunaldi berriak aurretikoekiko inoiz baino bananduago eta alienatuago garatzen ari direla. Erronka berri honi konponbidea bilatzen diogun artean, gure nortasunerako esanahi aberats horri harro eusten dion markari maizago eta sakonago erreparatu beharko geniokeela pentsatzen ari naiz. Agian, denoi komeniko zaigu oporraldian hausnartzeko tarte propio bat hartzea tripolinari begira!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak