Platonen ametsa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2024ko eka. 14a, 00:00

Batxilergoko ikasturtearen amaiera aldera, politikako gaiak lantzerakoan, hausnarketa berezi bat idaztea proposatu ohi diet ikasleei:

"Non biziko zinateke gusturago: estatu platoniko ideal batean, non jakintsuen elite murritz batek gizarte osoaren zorionerako erabaki onenak hartzen dituen, baina herriaren inolako parte hartzerik gabe; ala demokrazia moderno batean, non herriak erabaki politikoetan zabalki parte hartu dezakeen, maiz onerako izango ez bada ere?".

Ikasleek, alde baterantz zein besterantz erantzunez, beti zuzen asmatzen dute. Batzuek, zuhurtzia handiz, estatuaren leman hiritar gaituenak, argienak eta moral garbikoenak jartzeko beharra azpimarratzen dute. Platonek gizarteko ardura gorenak hiritar ezgauzen, berekoien edo gaizkileen esku-sartzetik salbatzeko zeukan kezka ondoegi ulertzen dute.

Beste ikasle askok, aldiz, zentzu demokratikoz, hiritar orok bere inguruko gizartean bere ideia politikoak adierazteko eta bere asmo sozialen alde ekinez parte hartzea oinarrizko printzipioa dela goraipatzen dute, parte-hartze politikoa modernitatearen agindu sagaratu eta ezinbestekotzat aitortzen. Inork ez du besterik gabe gobernatua izan nahi, ezta gizarteko jakintsuenen eskutik ere.

Nork bere aldetik arrazoi du. Buruzagi politiko jantziak eta zuzenak nahi ditugu, arlo bakoitzean hoberenak, gizarte osoa denon zorionera bideratzeko dinamizatuko dutenak. Aldi berean, gizarte mobilizatu bat nahi dugu maila guztietan, gobernatua izan ordez bere etorkizun propioa sortuko duena.

Idatzitako hausnarketa hauek ikasleei zuzenduta bueltan ematen dizkiedanean argitzen diet beraien gogoetan eskatzen duten horixe bera dela guk eskolan gauzatu nahi duguna: gure munduak behar dituen ekintzaile jakitun eta zuzenak trebatzea, ez gutxi batzuek aginte gorena har dezaten, baizik eta hiritar guztiak, nork bere arlotik, bikaintasunez parte hartzeko prestatzea.

Platonek gizartearen gailurretik lideratzen ikusi nahi zituen hiritar jakintsu eta bertutetsuak, hezkuntza-prozesu luzean bikainduak, demokrazia garaikideetan gu denok, bakoitza lehen pertsonan, izan behar dugula: jende trebatua eta begirunekoa, denon ongiaren eta zorionaren bila konprometituak.

2023-2024ko ikasturtean zehar Lakua BHIn gure batxilergoko ikasle izan direnek mezu hau ondo ulertu dutela esango nuke. Oporretara doazela, lerro hauetatik bakoitzarentzat besarkada estu banarekin!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak