Denen gainetik miresgarriena, ordea, zalantzarik gabe, Oñatiko Corpus Eguna izaten da, gure Debagoienean.
Aloñaren itzalpean bizi den haran osoa ospakizunez janzten da egun horretan, goitik behera: herri erdiko kale historikoak lurrean zabaldutako ihi marroi-orlegiz, apaingarri eta aldarez prozesioaren bideetako kaleetan; txistulari eta musika bandaren doinu ahaztezinak, intsentsu-lurrina, itxafleroen eztandak airean, festa-zurrumurrua plaza-inguru osoan, oñatiarrak jantzi dotoreenekin.
Izan ere, goiz eta arratsalde plaza beteko duten prozesioa eta dantzak mirestera biltzen da herri osoa eta erbestean bizi den oñatiar makina. Auzoetako ermitetako santuak ere parrokiaraino jaisten dira prozesio handian parte hartzeko: San Migel goiaingerua, armadura astunez jantzirik, Oñatin bakarrik egiten duen desfilea ikusteko; jaunartzea egin duten oñatiar gazteak, loreak jaurtitzen; eta betikoak, andero santuak eta estandarteak eramaten; dantzari nekaezinak aldaretik herri osora joan-etorri; hamabi apostoluek bizar luze eta tunikaz desfilatzen dute; eta Jesukristo berbera, inor falta ez dadin. Prozesioaren bide osoan parrokoak kustodiako sakramentuarekin bedeinkatzen du alde guztietatik inguratzen duen herri animatua.
Jai solemne eta maitatuena gure herrian ditugunen artean! Eguraldi euritsua ere festara batzen bada, nahigabe larria izaten da: prozesio miresgarria, presaka, parrokiko klaustro barruan itxita egingo da. Urtean zehar landutako prestakuntzak eta oñatiarren ilusio biziak zapuztuta!
Askok Oñatin bertan ere ez diote erreparatu, baina parrokiako klaustro horren kanpoaldean baditugu Kristo eta hamabi apostoluak, harri gotiko landuan, bakoitza bere ezaugarriekin, prozesioan jarraitzen duten hurrenkera hierarkikoan, euria egin edo oskarbi, urteko egun guztietan Corpuseko jaia etengabe luzatzen ariko balira bezala.
Aurten, eguzki ala euri, Oñatiko Corpus Egunean hutsune lazgarria sentituko da. Jesus Irizar Txutxin ezinbestekoa, Oñatz dantza taldeko eta Corpus Eguneko dantzen buru, bihotz eta arima maitatua, denak batean zena, duela egun gutxi joan egin zaigu. Betiereko Corpus ospakizun handira sartu da, hango dantzaldi amaigabean prest zuen lekua hartzera. Denok haraindiko festara batu arte, Oñatiko herriak eta bere Corpus Egunak bihotzez faltan igarriko dute.