Matrikula

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2024ko mar. 22a, 00:00

Urteko sasoi berezi hori berriro ere heldu da.

Ez naiz, noski, udaberriaz ari, baizik eta harekin eskutik urtero eskoletara iristen zaigun matrikulazio-garaiaz. Burokrazia, paperak, aukerak, etorkizunera begiradak, datak eta ametsak; dena nahaspilan.

Aurtengo ikasturtean Gasteizko Lakua BHIn egokitu zait ordezko irakasle postua. Hain maite dudan Filosofia irakasteko aukera, azkenik, urte osoan zehar, lantalde eta kide min eta jatorrez inguraturik; ondo, pozik. Hori gutxi balitz, 23 gazte alai eta builatsuren tutore izateko zoriona ere tokatu zait. Gazte argiak, biziak eta bizitzeko gogoz eta ametsez beteak. 

Aste honetako egunetan, justu, denak etorkizunera begira jarri gara, ikasle eta tutore, datorren ikasturterako, beraien bizitza aurrera atera aurretik burutuko duten azken eskola-urterako matrikula elkarrekin osatzeko. Lerro hauek argitaratzen diren egunerako, denak eginda egon behar du: datuak, ponderazioak, ikasgaiak; denak ondo zerrendatuta. 

Hori ziurtatzen ari naizela, burutazio zoriontsu batek hartu nau. Matrikula berba latineko matrix hitzaren txikigarria da, zerrenda edo errolda izendatzen duen hitza, eta hortik matriculare aditza eratortzen da. Hala ere, irakasleontzat matrikula egitea ez da ikasleak gure ikasgeletan zerrendatze hotz eta soil bat. 

Matrix izenak amaren sabela, umetokia edo matrizea ere adierazten du erromatarren hizkuntzan. Irribarre zabala atera zait eta bihotza berotu, nolabait, gazte jator horiek guztiak matrikulatzean apur bat gure, neurri edo zentzu sinboliko batean seme edo alaba egiten ditugula irudikatzean. 

Ikasle horiekin batera gure ikasgeletan hartzen ditugun konpromisoa eta misioa garbi ditugu: haien guraso izan gabe, haien lana ordezkatu gabe, hura osatzea, gazte bakoitza bizitza beteenerantz emango duten aurrerapausoen laguntzaile eta bideratzaile izatea. 

Azaldu nizuen duela pare bat urte nola eskolak eta irakasle bakoitzak ugaseme haiei beretik duen onena ematen dietela, amak bularretik esnez elikatzen dituen bezala –alma mater, schola!–. Hezitzaile bakoitzak bizinahiz beteriko gazte horiekin bizitzaren arlo bat deskubritzen gozatzeko pribilegioa du, ikasle bakoitzaren garapenaren lekuko harro eta emozionatu, erronka eta garaipen bakoitzean, malkoetan eta irribarreetan, bizitza eta nortasun berri bat ernetzen laguntzean, ama balitz bezala. 

Ni, behintzat, bihotzez zoriontsu naiz batxilergoko 1A taldeko tutoretzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak