Eskola

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2023ko eka. 2a, 00:00

Narda. Nazka edo higuina antzeko bat.

Hitz horrek halako mesfidantza edo sentsazio negatiboa eragin izan dit txikitatik. Kutsu edo sentimendu ezkorreko hitza izan da eskola niretzat beti.

Zorionez, eskola bera ez dut inoiz gaitzetsi: ikasketak eta kultura garapen pertsonalerako baloratzen eta maitatzen erakutsi ziguten etxean gurasoek, eta irakasle jator eta estimatuak izan nituen hezkuntzaren bideetan. Eskolako urteetatik, une bakar bat ere ez nuen sufrimenduz hartu nik. 

Nire ikaskide eta lagun hainbatentzat, ordea, eskola errealitate zakarra izan da: eguneko ordu gozoenak, jolaserako aproposenak, aisiarako astia maiz ere, behartutako lanak egiteko lapurtzen zizkigun erakundea. Etxeko lanen, errieten eta azterketen lekua. Zertarako ziren ulertu gabe, gure bizitza edo gogoekin loturarik ez zuten gaiak lantzen eta gure haurtzaroko urte ederrenak xahutzen ziren lekua, mundu akademikoa. Horregatik, agian, askok, baita nik ere, ez dugu guztiz onartu izan eskola izena. 

Ezusteko eder eta handia nuen zain hitz horren atzean. Grezierako hiztegia kuxkuxeatzen, zoriz aurkitu nuen gure hizkuntza modernoetako eskola hitza scholé berbatik eratorria dela. Scholé-ren esanahia antzinako greziarrentzat guretzat egun eskola denaren aurkakoa zela otu zitzaidan: aisialdia, denbora librea, hiritar libreek lanak eta beharrak alde batera utzirik –esklaboen bizkar aldera– gozamenerako eta garapen pertsonalerako hartutako astia. Nork kiroletan, nork musikan, olerkigintzan edo literaturan, nahiz filosofian, bizitzaren funtsa gozatuz garatzeko tartea zen scholé greziarra. Ondoren, Erromatar Inperioan eta Erdi Aroan zehar latinizatu egin zen schola mundu akademikoa izendatzeko, gerora hitz horrek pilatu dituen konnotazio negatibo guztiekin.  

Nire baitan, betidanik amestu izan dut gure eskolak greziarren scholé-ren askoz antzekoagoa izan beharko zukeela: bizitza, bere arlo eta fenomeno anitzetan, zirrararen zirraraz, jakin-minetik eta gozamenetik deskubritzen hasteko eta hazteko espazioa eta tartea. Ez guk gaur egun gazte askorentzat eratu dugun infernu akademikoa. 

Erronka ez da erraza, baina ez da ezinezkoa. Egunero nire ordu ederrenak eskaintzen dizkiot amets bihotzeko horri, ofizio eginik. Eskola, hasieratik, betidanik izan behar zukeen horretara hurbiltzeko lanean jarraitu nahi dut nik!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak