Gaztetxoei eta nerabeei lehendabizikoz etika zer den ulertzen laguntzeko kontzeptu edo definizio abstraktuak eskaintzea ez da izaten bide eraginkorra: ideia hutsak haizeak daramatza. Errealitate konkretu eta ulergarri batetik abiatzeko, ikasgelara narruzko kutxa txiki bat eramaten dut nik. Kutxaren altxor misteriotsua asmatzeko saiakera askoren buruan, hura ireki eta ikasleei erakusten diet edukia: latoi horizko itsas-iparrorratz bat.
Berehalaxe, iparrorratzak nora joan nahi dugun jakiteko balio digula ziurtatzen dute ikasleek. Lehendabizi, iparrorratza non gauden ulertzeko erabili beharko dugula zehazten diet nik. Orratz dantzaria iparra seinalatzera iristean, aurkako aldera hegoaldea dela badakigu, eta ezker-eskuin mendebaldea eta ekialdea. Geure burua eta abiapuntua kokatuz, norantz jo ahal dugun aztertzen hasteko moduan gara: zein norabide hartu, zein bide jarraitu, eta aukera anitzen artean nora jo nahi dugun zehaztu.
Itsas zabalean nahiz basamortuan, iparrorratzik ezean, eguzkia, izarrak edo antzeko erreferenteak baliatu behar dira. Haiek ere aurkitu ezinean, beti bilatu dezakegu ekialdea. Egunsentian, ekia edo eguzkia altxatzen den eki-aldea ikusita, beste norabide kardinalak zehaztu ahal dira. Erromatarrek Oriens izena eman zioten –orior, sortu, altxatu aditzetik– eguzkia sortzen den aldeari –sortalde ere euskaraz–, orientatzeko ezinbestekoa, desorientatuta ibili nahi ezean.
Etikak eta haren balioek existentziarako iparrorratz lana betetzen dute: bizitza zabalean, noraezean galdu gabe, geure burua eta jarrera kokatuz, irekitzen zaizkigun norabide eta jokabideen artean zentzuz eta arrazoibidez aukeratuz, geure pausoak denon zorionera bideratzeko.
Tutore-ordeko izatea suertatu zaidan ikasgelan, justu, –DBH-1 E–, hormaren kanpoaldean, institutuko sarreraren pare-parean, bi irudi koloretsu ageri dira: iparrorratz bat puntu kardinalak markatzen eta egunsenti gorrixka eder bat, ekialdea erakusten.
Bizitzarako orientazio lan sakon, kritiko eta ezinbesteko horri eusten diote egunero Ekialdea institutuko irakasle eta langile jatorrek, DBHko ehunka ikaslerekin batean. Haiei denei, lerro hauetatik, mirespenez, esker onez, oroiminez, nire besarkada estuena.