Ukraina

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2023ko mar. 3a, 00:00

Urte oso bat pasa da jada Ukrainako gerra zoroa hasi zenetik. Urtebete, munduaren oreka enegarrenez pikutara bidali genuenetik. Horretan, apenas ezer berririk.

Gerra guztiak hasten diren moduan hasi zen: militarki sendo antzean dabilen handiputz batek nonor eraso behar, aitzakia traketsak baliaturik, eta hura baino gutxiago ez diren besteek hari erantzun, noski. Armak, estrategiak, erretorika, propaganda, eraso-kontraeraso amaigabean suntsiketa luzatzen da, jasanezinera iritsi aurretik. 

Amaitu ere, onenean, orain arteko gerra guztiak bezala amaituko da: irtenbide bat negoziatuz, milaka bizitza galdu eta sarraski zabal baten gainetik, irabazi handirik gabe. Galdu, berriz, denok galtzen dugu joko honetan, neurri desberdinean. 

Ukrainak galduko du gehien. Vladimir Vladimirovitx, Putinen fantasia inperialisten eta Ameriketako Estatu Batuen eta NATOren politiken artean harrapaturik, gerra-jokorako erabili eta zapalduko dute, gupida barik. Haren lurrak zatiturik, txatarra eta hilobiz josirik, gau eta egun bonbardatuta edo okupaturik, azpiegiturak deseginik, lagunak milaka galduta, milioika erbesteraturik. Ukrainarrek irabaztekotan, belaunaldi askoren lana berreskuratuko dute, dena suntsiturik, eta oraingo belaunaldia betiko zauriturik. 

Joan den udaberrian, apirilaren 23an, gerraren bigarren hilabetea betetzean, Londresen ikusi nuen hau irudikaturik. Pazko beila zen, Velykden, Ukrainako Eliza Greko-katolikoaren egutegian. Duke Street-en duten katedraleko koruan nintzen, ukrainarrentzat ospakizun maitatuena dena jarraitzen. Eliza ukrainar errefuxiatuz lepo eginda zegoen; kaletik ere, erbestera ekarritako jantzi apainenekin, bi ordu luzeko ofizioa jarraitzen. 

Lore, kandela, musika eta janari ederrenen artean, ordea, alaitasuna falta zen. Eliztarren ahotsak triste zeuden. Ofertorioko otoitzerakoan, ume txiki bat; 5 urte ere ez zituen izango, eta jendearen artetik aurreratu zen. Apaiza aldarera begira, bakea erregutzeko letaniak abesten zela, umetxo hura beraren atzean jarri zen, zutik, begi itxiak eta aurpegia zerura jasorik, besoak gurutze txiki bat itxuratuz zabal-zabalik, denon begien aurrean otoitzean, isilik. Ume haren malkoekin tenplu osoak eman zion negarrari. 

Ume txiki hura, eliza bete hura da Ukraina oraindik. Denboran aurrera, nazioarteko politiken jokoan amaierarik gabe luzatzen den gerra latz honen erdian etsi gabe laguntza eske, guri ez bada, zeruari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak