Ezin, bada, 2022 zaharra atzean utzi denen ahotan ibili den Irulegiko Sorioneku esku sonatuaren inguruan hitz bi jarri gabe.
Izan ere, aurtengo Gabonetan alde guztietatik bonbardatu gaituzte modako erlikia preziatuaren irudiekin: niri postal, poltsa, kamiseta, apaingarri eta bitxi, giltzari nahiz bertsotan bidali didate abenduko azken egunetan Irulegiko Eskua urte berri zoriontsua opatzeko. Pandemia, krisi eta gerren urte gogorrak ahantzi eta garai berri eta oparoagoak ikusteko irrika nabari da zoriona opa diguten lagunen mezuetan.
2022aren erdian –ekainean– Irulegiko aztarnategian aurkitu zuten brontzezko piezaren karaktere zaharretan hitz baskonikoak antzeman zirela zabaldu zenean azaroan, eztanda egin zuen albisteak. Adituen eztabaida kritikoari itxaron gabe, publikoak zabalki ospatu du berria: Sorioneku hori zorioneko da eta brontzezko eskua kutun magiko bat, zori txarrauxatuz zori ona erakartzeko jarria. Superstizioaren zirrara ala gizakion zorion beharra?
Irulegiko Eskua nirekin eraman dut eskolara, Balio Etikoetako klasera. DBHko ikasle guztien iritzia bat dator, eta nirea: gizakion ekintza ororen jatorrian eta helburuan, atzean edo sakonean, gure zorion beharra dago. Zorionak soilik mugitzen eta bultzatzen gaitu ekintzara. Eguneroko zorionaren bila egiten dugun saiakera omen da bizitza.
Azken pandemia latza pairatu duten gazte eta nerabe hauek errealismo zorrotzez azpimarratzen dute zoriona ez dela magikoki eta pasiboki zori hutsez iritsiko den zerbait. Zori txarra ere zori ona datorren moduan letorke. Nork bere zoriontasuna bilatu, landu eta ekinez eratu behar duela garbi dute denek.
Heldutasun harrigarriz, ikasleek Irulegiko brontzezko kutuna esku baten formakoa izatea esanguratsua dela gehitu dute: zori on oro esku hartuz eta ekinez soilik irits daitekeela adierazten. Sorioneku bere zoriontasuna jakinduriaz ekinez sortu dezakeena litzateke. Urtez aldatu izanak ez du berezko aldaketarik ekarriko: gure jarrera eta ekintzak berritu ezean, atzean utzi nahi dugun 2022aren luzapen soil bat liteke 2023a.
Eguberrik 365 egun berri dakarzkigu opari: hamaika hilabete ditugu agendan oraindik, orri guztiak zuri, guk ekinez, denbora hori betez, zorion berri bihurtzeko. Ikasleek eta nik, elkarrekin, hori lortzea opa dizuegu denoi.