Han, hemen eta nonahi larritzen ari zaigun arazo bat salatzen duena: eskola eta hezkuntza mundua gatazka latz bihurtzen ari zaizkigula, zentzu orotan. Irakatsi nahi duena, borrokara presta!
Pairatu duen hezitzaileak soilik daki gure lanean fronte guztietan piztu zaigun guda: aplikatzerako berritu nahi diren eredu didaktikoak; bete aurretik ordezkaturiko legediak; digitalizazio azeleratu eta gupidagabea, eta astero mila eskakizun berri eta amaigabeak. Gure benetako lehia, ikasgelan egunero gure ikasleen eta hezkuntzaren alde borrokatzen duguna, gure ardura txikiena izatera daraman gerra bat.
Gogora dakarzkit honek Oñatin, Sancti Spiritus unibertsitatean, Errenazimentuko irakasleentzat jarririko irudi esanguratsu bi. Atari nagusiaren ezkerreko horman, Herkules Nemeako lehoia garaitzen ikusten da. Brontzea baino narru gogorragoa zuen piztitzarraren aurka arma guztiak alferrik saiaturik, gainera zetorkion lehoi erraldoia besarkatuz, etsi-etsian, haren beso-indar hutsez ito behar izan zuen Zeusen sasikumeak. Akademikoen ahalegin saiatu eta apalak erronka oro gaindi dezakeela islatu nahi du erliebeak.
Atearen beste aldera, parean, Herkules berriz, lehoi hil haren narru gogorra armaduratzat jantzirik, Lerneko hidraren aurka gudan ageri da. Munstro hark zituen buru anitzetako bat moztean, zauritik beste bi sortzen zitzaizkion lehenaren lekuan. Buru bata bestearen ondoren erauziz, lepo moztuen zauriak suzi batekin kiskaliz eta itxiz, akabatu zuen hidra gure heroiak, Atenak emandako zuhurtziaz. Eskolan, arazo bat ebazterako sortuko diren mila erronkei aurre egiteko jakinduria irudikatzen du eskulturak.
Herkulesekin alderatu gabe, hezitzaileoi lana larriki gogortu zaigu Errenazimentutik hona. Gure beso-indar hutsez eusten diogu, egunez egun, gainera datorkigun lan-zama neurrigabeari, etsi-etsian. Eskolan ugaltzen diren premia, arazo, gatazka amaigabe eta beti berriak zuhurtziaz ebatzi nahi ditugu. Baina gu ez gara heroi, ez sasi-jainko, langile saiatu eta apalak baizik, giza erretasunaren mugetara bultzaturik.
Borroka honetan miresten ditut aurten Gasteizko Los Herran institutuan lankide eta adiskide ditudan irakasleak: hezkuntzaren ametsari eutsiz, erronka berriei zinezko hezitzaileen esfortzu, gogo eta jakintzaz aurre egiten maisuak! Denentzat txalo eta besarkada anaikorra!