'God save the queen'

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2022ko ira. 23a, 00:00

Joan zaigu hura ere. Udako azken beroaldien eta udazkeneko lehen printzen sasoian, munduak Elizabeth II.a erregina, betiereko, hilezkor zirudiena, agurtu du.

Britainiarrek soilik ez, lurbira osoak pantailetan pausoz pauso jarraitu ditu, sentimendu anitzez, joan den astelehenean Westminsterren burutu ziren hileta-ospakizun solemneak.

Erresuma Batuko erregina zena desagertzeak denoi eragin digu, barnetik ere. Ikur politiko bat edo pop kulturaren ikono bat, elegantzia dotorearen edo garai bateko balio moralen erreferente bat, nazioaren amona xarmant maite bat, denentzat galdu da zerbait inoiz hilko ez zela zirudien emakume berezi harengan. 

Britainiarrak jabetu dira, beste inoren aurretik, Windsorreko kaperan utzitako hilkutxa apainean, monarka gurtuaren hilotz baltsamatua ez ezik, Erresuma Batuaren XX. mendeko historia izan dena ere betiko itxi eta lurperatu dutela. Elizabeth II.aren hileta sonatuetan britainiar inperialismoaren azken liturgia zibil handia ospatu dela. 

The King is dead, God save the Queen! Haren osabaren abdikazioaren ondorioz, aitaren azken arnasarekin eseri zen tronuan Elizabeth, ia ezustean, oso gazte zela. Botere-hutsuneak saihestuz, Commonwealth-en egonkortasun eta jarraitutasuna bermatzeko mendez mende mantenduriko antzerki hura izan zen haren bizitza. 

The Crown bikainaren estiloko film eta telesailek Windsor dinastiaren barne-bizitzaren irudi hurbilagoa eskaini digute. Zehazki ezagutu eta ikertu zuten denek ziurtatzen dute Elizabeth erregina bere eginkizun konstituzionalak zerbitzu-espirituz betetzeko bizi izan zen emakumea zela. Haren zoriontasun pertsonaletik asko sakrifikatu zuen, beraren senitartera ere iritsi ziren gorteko ustelkerien eta eskandaluen artean zintzotasun bideak aurkitzeko. Windsorreko hiletan gonbidatuta ikusi genituen munduko monarkia dekadente gehienentzat zuzentasun eredu pertsonala litzateke. 

XXI. mendean barneratzean, britainiar inperioa bere azken neguan sartzen hasi denean, funtsezko boteretik gabe, nazioartean ospea galtzen, Europaren alboan zokoratuta sentitzen hasi diren britainiarrek zalantzaz eta kezkati begiratzen diote, gidaritza eske, koroa janzteko zain dagoen Charles III.a errege hasiberriari. God save the King ereserki zuzendua abesten dutenean, gaurtik aurrera, hura ezagutu zuten britainiar guztiek, eta munduko beste hiritarrek, Elizabeth II.a gogora datorkienean, ezin ahantziko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak