Sartu naizen puntuan ikusi dut. Eta ni berak. Mahaien aurreko lerroan eserita dago, geldi, niri begira, ikasle bakarra. Ez dakit nor den, ordea. Ezin jakin ere: maskara kirurgiko berde bat darama, goraino igota, aurpegi osoa estaltzen diola. Zulo bi, begi bakoitzaren parean bana, ikusteko, eta hori da dena. Nor da hau, baina?
Harridurari ezin eutsirik, irribarre zabal batez agurtzea atera zait. "Nor zara?" galdetzean, "Anonymous!" erantzun dit ume ahotsez maskararen atzetik, segituan. Zur eta lur nauka. Txirrinak salbatu nau, bere oihuz gelakideak jolastordutik deitu ditu, eta algara bizian igo dira ikasgelara, maskararik gabe oraingoan.
Izan ere, gaur musukorik gabeko lehen eguna dugu eskolan. Maskarak gaur txapel, tiragoma, jostailu bilakatu dira –tanga bat ere ikusi dut, tartean– gure gazteen eskuetan. Bi urte luzez estali digute aurpegia, legez askatu gintuzten arte joan den apirilaren 20an.
Zeinen arraro berriz elkarren aurpegi biluziak ikustea! Irribarre-erdi batekin agurtu dugu elkar, ia gure lagun, lankide, sendiko eta hurko oro nor ziren ahaztuta. Aspaldian ikusi gabeko lagunak balira bezala. Irakasleontzat, ikasle batzuk lehendabizikoz ezagutzea bezala izan da.
Kostata kendu dugu maskara, bigarren aurpegi honen ostean bizitzen ohituta. Behar-beharrezkoa zen, noski, koronabirusari hedabidea moztuz elkar zaindu eta babesteko: ez dugu inoiz jakingo zenbat kutsatze, gaixoaldi, heriotza ekidin dituen, zenbat bizitza salbatu musukoak gure lagunartean. Baina, banaka, bakoitzaren bizitza zatitxo bat ere eraman digu maskarak.
Aurpegian bilatzen dugu, izan ere, gizakiok gure hurkoen presentzia. Antzinako greziarrek maskara, aurpegi eta pertsona-ren ideiak bateratzen zituzten prosopon hitz bakarrean. Aurpegian pertsona gisa adierazten gara, garenaz; bisaia estaltzean gure nortasuna ezerezten da, inor ez gara.
Prosopagnosiak –ingurukoen nortasuna edo sentimenduak aurpegian antzematea zailtzen duen nahasmendu psikikoa– hartu du gure mundua. Premiazkoa da berriz –zuhurtziaz, beti– maskarak utzi eta gure hurkoak, eta geure burua, berriz aurkitu eta ezagutzera ateratzea. Eta munduari, hainbeste behar duen, espero duen, gure izate jatorrena erakustea, irribarre zabalaz.