Berdintasunez

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2021ko aza. 19a, 00:00

Oñatiko plazaren txoko batean dago Mikel Goiaingeruaren parrokiako klaustro monumentala. Herriko seme Rodrigo Mercado de Zuazola gotzainak ibaiaren gainean eraiki zuen harresi hertsi garaia, gotiko berantiar garbian: arku eta landare-apaindurak barruan, eta kanpotik, gizartera begira, apostolu kristau eta profeta hebrearrak hormen zaindari, Apokalipsiko Jerusalem zerutiarraren irudi.

Halaber, parrokiako hau ez da Zuazola gotzainak herriari oparitu zion klaustro bakarra. Handik pauso gutxira, elkar ikusteko moduan, bigarren klaustro baten inguruan altxatu zuen Mercado de Zuazolak: bere izena hilezkortuko zuen Sancti Spiritus Unibertsitatea.

Errenazimentuko estilo modernoan zifratu zizkigun Rodrigo Mercadok bere ideia eta mezu berritzaileak Unibertsitateko harrietan. Harrigarriena hauen artean, ziur aski, XVI. mendeko gotzainak bere programa humanistan emakumeari egokitu zion leku apartekoa.

Unibertsitateko fatxadari erreparatuz ohartuko gara, Herkulesen frisoaz aparte, San Jeronimo, San Agustin eta gotzainaren irudiak kenduta, beste irudiak emakumezkoenak direla. 30 bat eskultura. Bertuteen eta martiri kristauen irudikapenak, Erromako emakumeen modara jantziak, baina ez apaingarri soil gisa zizelkatuak. Rodrigo de Mercadok lehen euskal Unibertsitatean eskolatu nahi zuen elite intelektualarentzat eredu aukeratu zituen emakumeak: indarra, justizia eta zuhurtzia bertuteen artean daude Marina, Barbara eta Apolonia gazteak, fede kristauari eusteagatik torturatu eta erailak izan zirenak.

Bertute klasiko nagusiak emakume hauengan nola gauzatzen ziren erakutsiz –virtus latinez, vir edo gizaseme-tik eratorriz, gizonezkoa osatzen zuten gaitasunak izaki–, moralki parekatzen zituen gizon-emakumeak pentsalari humanista andanak. Parrokiako klaustro zaharrean irudi guztiak gizasemeenak dira –Elizaren esparrua eta Erdi Aro amaierako mentalitate gotikoa kontuz errespetatuz–, baina bere Unibertsitatean Rodrigo Mercado de Zuazolak berdintasunaren aldeko mezu bat utzi zigula irakurtzea gustatzen zait niri.

Irakurketa jator eta inozo bat liteke hau. Baina Oñatiko Unibertsitatea bisitatu eta, fatxadaz handi, klaustroa kontenplatzera sartuz, bertan Itun Zaharreko eta Tradizio Klasikoko gizon-emakumeak paretasun garbian aurkituko ditugu, zutabe gainetan eta arkuen alboetan bikoteka, aurrez aurre, elkarri begira, berdintasunez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak