Denon begien aurrean gertatu dira une lazgarriok, gure sukaldeko telebistan, logelako ordenagailuan edo gure patrikako mugikorrean, La Isla Bonita zeritzona tragedia eta dolu saminez janzten ikusi dugu, minutuz minutu. Tragedia honen zalaparta mediatikoan, bizitzan benetan salbatu beharreko ondasunak zeintzuk diren bereizteko hausnarketa berpiztu zaigu. Zer gorde nahi genuke geurekin, bizitzan dugun beste ondasun oro galduko genuela bageneki?
Jar gaitezen une batez La Palmako bizilagunen larruan. Gure bailaran sumendirik ezean, erraz irudika genezake gure Udalatx lasai, garaia, bere tontor hautsiaz, sumendi bilakatzen, eta bere erupzioan Debagoiena su, ke, errauts eta laba-jarioz itotzen. Agintariek, une batetik bestera –demagun, ordu laurden bateko tartean–, debagoiendar guztiok, bizilekuak utzirik, geurekin eramateko moduko ondasunak batuz, ihesera behartuko bagintuzte, zuk zuretik zer salbatuko zenuke?
Batek koltxoipeko diruak salbatuko lituzke. Beste hark, bizitzako oroigarriak. Honek, bere lanerako tresnak; eta hark, lagunak eta senideak. Baten bat, bereak ahaztuta, bizilagun behartsuagoa laguntzera joango litzateke. Ziur gutako bakoitzak zerbait ezberdina salbatuko genukeela. Garrantzi bizikoa da, gutako bakoitzarentzat, hausnarketa hau egitea, gure bizitzan benetako balioak zeintzuk diren oroitarazteko. Gure altxorra non gure bihotza han jarria daukagula ohartarazteko.
Gogoeta erraz honek ez diezagula filosofia burgesa egiteko bakarrik balio. La Palman, zeukan apurra ere galdu duen lagun asko dago, eta gu gauzkate beraien bizitzak berreraikitzen laguntzeko. Poeta garaikideak esanari jarraiki, Galdu dituztenentzat, gaur gure bihotzak bitez etxe eta aterpe (Sara Buho).