Maiatzaren 20an, Iruñean eta munduan ospatu dira Iñigo Lopez Loiolakoa zauritu zuteneko 500 urte. Egun hartan, leku berean, bost mende lehenago, Azpeitiko seme hura hiriko gotorlekuaren defentsan zebilela harresi gainetan, frantses-nafar armadak jaurtitako bonbarda-tiro batek jo eta bota egin zuen bere heroismoaren gailur gorenetik. Bala galdu bat Loiola kapitainaren hanka bien artetik pasa zen, eta eskuineko hanka belaunaren azpitik larriki zartatu; bere etorkizun-ametsak mila zatitan puskatu ziren.
Oinaztar eroria zaurituta etxeratu zuten Azpeitira, hil ala bizi, eta garaiko medikuntzaren basakeriek salbatu zizkioten, lehenik, bizitza eta, ondoren, hanka. Hala ere, zaldun herrenarentzat agur betiko amets militarrak, gorteko ospe bideak eta munduko grinak. Akabo!
Inork espero ez zuena gertatu zen, ordea. Familia-dorretxeko konfinamendu behartuan, hilabete luzez ilunpe isilean, zaldun elbarria gogoetan aritu zen. Eskuraturiko kristau irakurgaiekin arima suturik, espiritu-bizitzari ekitea erabaki zuen. Erabaki, eta egin! Arantzazutik abian, Bartzelonatik Jerusalema, Alcalatik Brusela eta Londreseraino zeharkatu zituen, herrenka, Europa eta Mediterraneoa Loiolako seme gazteenak.
Barnetasunaren maisu ezagun bihurtu zen, eta Gogo-ihardunak utzi zizkigun espirituaren literatura unibertsalerako. Erroman hil zenerako, 1556an, bere Jesusen Lagundiak mila kidetik gora zituen lanean munduan, hainbat eskolatan. Inazioren Konpainiaren eragin zuzena Aro Modernoko kulturan, erlijioan eta hezkuntzan ukaezina da. XVI. mendeko izenen artean nabarmendu zen Gipuzkoako seme unibertsalena deitua izan dena.
Inoiz ezin argituko dugu bere patua bideratu zuen bala galdua nork bota zuen, ezta bere jomuga erratu ote zuen. Zentimetro batzuk eskuinera edo metro erdi gorago, eta bala hark Loiolaren izena gerrako milaka beste elbarri edo hildakorekin batera lurperatuko zuen. Historiak, ordea, punteriaz tiro egin zuen. Egun, bostehun urte ondoren, ospatzen ditugu, zorionez, bala galdu haren ondorioak eta Loiolako San Inazio.