Askok maiatzaren 9 horri irrikaz behatzen diote, legezko itxiturak haustean, lehengo ohitura debekatuetara itzultzeko egonezinean, edo amets berriak gauzatzeko desiraz. Beste askok, ordea, susmoz eta errezeloz begiesten dute egun hori, alarma-egoera desagertzean, arau hertsien segurtasunari jaregitean, izurriaren indar gaiztoena askatuko delako ikaraz. Muturreko bi jarrera gatazkan, bizi dugun pandemia honen etorkizunari begira.
Lehenengoentzat, askatasuna ezarritako arau oro saihestean edo haustean datza, aukera guztiak zabal irekitzean, lizentzia edo ahalmen mugagabea lortzean. Hots, nork bere guraria inolako trabarik gabe egiteko aukera litzateke hauentzat askatasuna. Bigarrenentzat, aldiz, askatasuna legearen babespean bakarrik izan liteke, arauen uztarripean soilik sor litekeen segurtasunean bizitzea.
Batzuk zein besteak denon askatasuna kili-kolo dabilela kexu dira, konfinamendua irekitzearen eta ixtearen joko honetan, pandemiaren olatuek markatzen dieten joan-etorrian. Askatasun pobre hau legeak baimentzen edo debekatzen duenera soilik mugatzen da.
Askatasun heldua, ordea, norbanakoaren autonomia kontzientean dago: nork bere buruari bere portaeraren araua arrazoi edo zentzu serioz emateko gaitasuna da. Ez da ardurarik ezagutzen ez duen libertinaje umekoia, ezta ibilbide arautu batetik kanpo bizitzen ez dakien kikiltasuna. Autonomia zuhurtziaz jokatzea da, noiz ekin eta noiz ekintza mugatu erabaki dezakeena, libreki, norberarentzat eta hurkoentzat hoberena bilatzen dakiena.
Maiatzaren 9tik aurrera, konfinamenduak lasaitzen eta debekuak altxatzen joango diren heinean, askatasunaren inguruko gatazka berpiztuko da. Une berria sakontasunez, heldutasun garbiz, jokatzen ikasteko aukera izango da. Autonomiaz benetan denekin jokatzen dakiten lagunak beharko dira. Zu ere izango zara?