'Prosopoi'

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sagarzazu 2021ko mar. 18a, 00:00

Urte oso bat bete dugu COVID-19 izurriak mundua hartu zigunetik, bizitza aldatu zigunetik. Aste honetan, duela urtebete, konfinamenduaren zulo amaigabean sartzen ari ginen. Ez ginen bertatik berriz kalera aterako aurpegia maskara edo musukoaz ondo estali gabe. Mundua zeharo aldatu zaigu aste urrun hartatik. Denok arraro sentitzen gara, eta zinez arraro gaude.

Jendea geure aurrean aurpegia maskaraz estalita ikustean sentitzen gara deserosoen. Behin eta berriz, nekez, etengabe saiatzen gara parean gurutzatzen zaizkigunak nor diren antzematen: agurtu nauen ezezagun hori, betiko lagun hau, lankideak edo senideak, etab. Maskararen ostean inork ez dugu lehengo antzik ematen. Maskarak, nolabait, aurpegia ezabatu egiten digu: gure nortasuna, gu geu, ezkutatu egiten gaitu.

Izan ere, pertsona-nortasunak badu maskarekin zerikusi sakonik! Pertsona hitzaren jatorriaren inguruko ikerketan nik gustukoen dudan azalpenak pertsona latineko personae-tik eratorri ohi du, erromatarren antzerkian erabiltzen ziren maskara handien izenetik. Maskara astun haiek aurpegiera propioren bat izan ohi zuten margoturik, ikusleek pertsonaia ezberdinen nortasunak erraz antzeman zitzaten. Aho parean maskara haiek ahots-soinua hedatzeko zulo moduko bat zeramaten –per sonare–. Horregatik, greziarrek maskarei pros-o-phon deitzen zieten, eta prosopoi, berriz –maskara-aurpegi–, pertsonei.

Pandemia zoro honetan, aurpegiak estaltzean, konfinamenduan edo distantzian, maskaren ostean ikusten ditugun denak ere gu bezalako pertsonak direla ahaztuta bizi gara. Egunero kalean agurtzen ditugun pertsonak. Albisteetan goizero "400 lagun hil dira" horren atzean ere, pertsonak. ZIUn dauden gaixo-kopuruetan, pertsonak. Ostalariak, langabeak, egoitzetako edadetuak, dendariak, ikasleak, kutsatuak… Pertsonak. Maskara horren atzean aurpegi bat, nor-tasun bat, bizitza eta irribarre bat duten pertsonak.

Aurpegiak estaltzean, pertsonak begien bistatik galdu ditugu. Anonimatu horretan asko, gehiegi, bideetan galdu zaizkigu. Aurpegiak ikustean pertsonak antzemateko zailtasunak dituztenei, prosopagnosia diagnostikatzen zaie psikologia arloan. Pandemiaren une ilunenetan ere ezin dugu ahaztu egoera honen guztiaren atzean, maskara bakoitzaren ostean, irribarre bat, aurpegi bat, nor-bait bizi dela gure zain. Maskarak uzteko unea iritsi arte, zain ditzagun, bihotzez, bidelagun daramatzagun pertsonak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak