"Krisi" hitza greziarrek asmatu zuten, ez joan den urtean, duela 25 mende baizik. “Krino” aditzak jatorriz zerbait "argitzeko asmoz aztertzea" edo "epaitzea" adierazten du. Krisi bat, beraz, sistema bat, egoera edo jokaera oker bat zuzentzeko aukera dugu, azterketa-hausnarketa bidez. Edo grezieraz esanda, "kritika" egitea.
Azken urteotako krisi finantzario bortitz hau gure sistema eta ohitura ekonomikoak berraztertu, zuzendu eta hobetzeko aukera apartena dugu!
Gure erakunde, banku eta agintariei kritika gogorrak egin dizkiegu, sakonago edo azalekoagoak. Hauek kritikatu bai, baina errazegi ahazten dugu gutako bakoitzak herritar mailan dugun erantzukizun etiko-ekonomikoa. Norberak epaiketa egin beharko genieke gure kontsumo ohiturei, diruen erabilera eta jarrera politikoei, ahal beste zuzendu eta hobetzeko. Greziera garbian esanda, "autokritika" egitea.
Aukera aparta eta kritiko hau aprobetxatu ezean, herritar mailan gure jokaera ekonomikoa hobetu ezean, berriz ere zuzen-zuzen daramagu gizartea lehengo arazo berberetara, gure sistemari egiten diogun epaiketaren azpitik biziz. Jarrera honi ere greziarrek izen bat eman zioten: "hipokresia".