Aitor Etxarte Berezibar, ezkerreko euskalduna, errekaldetarren hirugarren belaunaldikoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Garai 2020ko abe. 21a, 08:24

Aitor Etxarte Berezibar. Argazkia: Hedoi Etxarte

Aitorren ama, Pilar Berezibar Galdos, arrasatearra, Iruñera ezkondu zen. Haurdun gelditu zenean bere desioa semea arrasatearra izatea zenez, herrira etorri zen erditzera. Hala, Santa Marina kaleko 3. zenbakian –egun, 7. zenbakia– jaio zen Aitor, 1956ko otsailaren 7an, egunak iraun zuen elurte baten erdian.

1974. urtean, ikaslea zenean, Diktadura Hiltzaileen borroka klandestinoan murgildu zen, Liga Komunistan eta Nafarroako ikasle komiteetan (Comites de Estudiantes de Navarra-CEN), hain zuzen ere. Ibilbide honetan, euskararekiko militante sutsua izan dugu Aitor. Beti konprometitua, kritikoa eta goxoa. Mundua eraldatu nahi horretan, pedagogia aukeratu zuen ogibide, eremu horretan ere bere esentzia, lana eta dedikazioa erein zuen eskuzabal eta maisutasunez.

Arrasatearra sortzez eta sentimenduz, ama Pilarren ardura herriarekiko lotura izatea zen. Bertako semea sentitu, izan eta lekua eman zitzaion. Beste lan askoren artean, bere familiaren historia berreskuratzen ibilitakoa dugu Aitor; berari esker jakin izan dugu "gorrixek pasatu zituztela gorri euskaldunak izatearren", bai 1936an, bai eta diktaduran ere.

1936an, kolpe faxista izan zenean, lehen egunetik erresistentzian buru-belarri aritu ziren errekaldetarren lehen belaunaldikoak. Horren ondorioz, familia horretako sei senidek borroka honetan bizia galdu zuten eta bizirik geratu zirenek, gorrixek pasatu.

Ondoren, senitarteko batzuen datuak adieraziko ditugu. Dragones batailoiko milizianoak: Juan Berezibar Ormazabal, Intxortan hil zuten; Lucio Berezibar Ormazabal, Balmasedan hil zuten; Eusebio Berezibar Otadui, erresistentziako lehen egunetan Donostian erail zuten; Roman Berezibar Ormazabal, Asturiasen preso hartu eta gero, hil egin zuten. Bere emaztea Frantziska Ojanguren Iribekanpos Oiartzunen erail zuten 1936ko azaroaren 5etik 6rako gauean. Azken biek desagerturik jarraitzen dute geroztik. Berezibar Ormazabalen aita zena, Amadeo Berezibar Aspe, Bartzelonako bonbardaketa batean hil zen 1938ko irailean.

Dragonesko milizianoak izan ziren Biktor Berezibar Ormazabal eta Zezili Berezibar Ormazabalen senar Martxelo Vitoria Zabarte erbesteratu egin ziren arren, denborarekin preso hartu eta Gurseko kontzentrazio-eremuan sartu zituzten. Berriz, Luzio Berezibar Galdos, Dragones bataloiko gudaria, preso izan zuten, eta, Arrasatera itzultzeko aukera eman ziotenean, ordura arte lan egiten zuten Union Cerrajera lantegian ez zioten lanik eman. Ez ziren familiako bakarrak izan lana egon arren lanik eman ez zietenak zirenak izan zirelako. Hau horrela, Zezili, Maria eta Juana Maria Berezibar Ormazabal ahizpak eta Mikaela Galdos zein Ziriako Berezibar Aspe ere Union Cerrajeratik bidaliak izan ziren. Goian zerua eta behean lurra zutela geratu zen familia osoa.

Pilar Berezibar Galdos, Aitorren ama, errekaldetarren bigarren belaunaldikoa zen. Belaunaldi hartako Zeziliren seme-alabak Ana Mari, Jose Ramon, Edurne eta Olga Vitoria Berezibar ditugu. Mariaren semeak, aldiz, Juan Jose eta Juan Luzio Gonzalez Berezibar. Mari Junaren alaba Maria Teresa Pagoaga da. Emiliaren alaba, Natividad Garmendia Berezibar. Gabrielaren semea, Felix Santageda Berezibar. Ahizpa hauen guztien ama eta amandrea zen Simona Ormazabal Iñurrategi erbestean egon zen.

Familia horrek izan zuen ibilbidea dela eta, Aitor askotan etorri izan zen bailarara erresistentziaren alde egiten genituen omenaldietara. Arbasoen bizipenak gogora ekarri eta justiziaren aldeko bide honetako kidea zen, dudarik gabe. Gogoan izango ditugu betirako bere ekarpenak –datuak, argazkiak, historia…– eta bere azken egunetan eskerrak bidali zizkiguna, "memoriaren alde egindako lanarengatik". Aitor, zu ere gure memorian egongo zara betiko, zure arbasoak egongo diren bezalaxe!

Pertsona oso eta handiei agur esatea ezinezkoa da, eta zurekin ere horixe gertatzen zaigu. Zure lana, laguntza, dokumentatua geratuko da. Horren preziatu den eta zenuen egia eta justiziaren aldeko borrokan frankismoaren azken aztarnak desagertu arte, Euskal Herria libre eta euskalduna lortu arte!

Errekaldetarren laugarren belaunaldikoa dugu Hedoi Etxarte Moreno; Aitor Etxarte Berezibarren semea ere gure laguntzailea da gure memoria berreskuratze lanetan.

Arrasatetik, Begoña, Hedoi eta Ziargiri doluminak eta besarkada indargarriak luzatu nahi dizkizuegu. Memorian ditugunak betiko geratzen dira gure artean! Oraintsu arte, adiorik ez!

----------

Esther Goikolea, Juan Ramon Garai, Julia Monge eta Eneko Barberena

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak