Puig Antich-en Barguardiako mobilizazioetatik gentozen. Urte hartan, herrian gure belaunaldiak lortu zuen langileen lehen mobilizazioak aurrera ateratzea.
Union Cerrajeran sanjuanetan, kooperatiben balorazioen aurka, eta, batez ere, abenduaren 11ko greba orokorra.
Hurrengo lau urteetan, Arrasaten sekulako borrokak egon ziren. Batzuk aipatzearren: Gameyko despidoen aurkako elkartasuna, amnistiaren aldekoak, martxoaren 3koak, German Rodriguez –LKIko militantea–, Emiliren, Robertoren eta Zaparen hilketen aurka, metalgintzako hitzarmenak…
Bazeuden, bai, baldintzak erregimen frankista apurtzeko, eta, horregatik, Konstituzioari ezetza bozkatu genion. Frankismoan bezala, La Cruz –Elizako hierarkia–, La Espada –militarrak– eta El Saco –kapitala-lapurrak– interesak jartzen ziren herri zapalduen eta langileen interesen gainetik.
Ordurako, LKI Liga Komunista Iraultzailea ginen. Pilar alderdi barruan emakumeen taldearen bultzatzailea zen, eta baita ere Komite Internazionalistako partaidea.
Elkarrekin bidea egin genuen Zutik alderdia sortu arte, EMK –maoistak– eta LKI –troskoak– batuta. Pilar eta biok auzo berean bizi ginen, Makatzenan, eta urte haietan auzoan martxan jarritako iniziatibak asko izan ziren: umezaintza, ekonomatua, igerilekua, frontoia, marrazki tailerra, zinea emateko aretoa –zinerik ez zen eman–... baina urteetan bilera klandestinoak egiteko erabili genuen. Horregatik, polizia uniforme gabeek auzoan bonba bat jarri ziguten.
Pilarrek tinta gorriz, lilaz eta umore onaz idatzitako historia gurekin gelditzen da.
Agur, bihotzeko laguna eta kamarada.
----------
Juan Ramon Garai
LKIko militante ohien izenean
Arrasate