Inposatutako isiltasuna izan zen, gerra ostean diktadurarekin eta ondorengo urteetan trantsizio amnesikoarekin.
Antzuolan, kolpe militarren ondorioz, giza urraketa larriak eta sufrimendu asko izan ziren alde bietatik, erresistenteen aldetik eta baita matxinatuen aldetik ere; azken talde horretan, batzuek, gainera, behartuta gerran parte hartu behar izan zuten.
Batzuk biziki hasi dira altxamendua eta diktadura zuritzen; orain dela 80 urteko botere faktikoak, kolpe militarra bultzatu zutenak, banka, armada, goi klasea eta Elizako hierarkia izan ziren, alderdi batzuen bitartez gaur egun ere horretan ari direnak.
Horregatik, gero eta beharrezkoa da egia, benetan pasatutakoa ezagutzea. Gizon eta emakume haiek euren borondatearen aurka herritik alde egitera behartuta egon ziren eta sufrimenduaren, konpromisoaren eta adorearen adibide garbia eskaini ziguten. Historia ezagutzea, gerra galdu zutenen zauriak ixten joateko, batetik, eta, bestetik, askatasun zibil eta politikoetan oinarritutako gizartea eraiki gura badugu, behintzat, herri eta pertsona libreekin.
Hori bideratzeko, Debagoieneko beste herri batzuetan egin dugun bezala, gure proposamena da Antzuolan talde ireki bat sortzea historia hau berreskuratzeko.
Apirilaren 14 arte, Antzuolako Olaranen historia honen laburpena ikusi dezakezue.
----------
Juan Ramon Garai
Intxorta 1937 Kultur Elkartea
Arrasate