Eta, aldiz, terrorismoaren –hitz hau bera ere kategorizatuta dute, Estatuaren biolentzia ez baita terrorismoa…– biktima bazara, kaltegilea berehala kartzelatua izango da –edo eraila, edo torturatuta…–, eta biktima Lege berezi batekin babestua izango da –Ley de víctimas del terrorismo, 2011–.
Egia da Eusko Legebiltzarrak egin duen legearekin Iñigo Iturratek (PNV) dioena: "Horrek ziurtasun juridikoa ematen die biktimei". Eta txalotzen dugu alde hau lortzea, gutxienez, baina horri beste gauza bat erantsi behar zaio: kaltegileari ere nolabaiteko segurtasuna ematen diola eragin dituen krimen, tortura edo giza eskubideen aurkako urraketen aurrean. Estatuaren aparatuak bere morroi guztiak babesten ditu. Aparatu horren aurka doanak ez du inongo babesik.
Hau al da Giza Eskubideen aldeko Deklarazio, Hitzarmen, Kontseilu, Zuzendaritza, Institutu eta enparauen helburua? Zergatik ezin dira berdin aztertuak eta epaituak izan giza eskubideen aurkako edozein motatako biolentziak? Posiblea da hildakoak hiltzailerik gabe? Torturatuak torturatzailerik gabe?
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin lortu duen hitzarmenak, Jonan Fernandezentzat, nabarmendu du legearen helburua zera zela: "Biktimen erreparazioa eta aitortza bermatzea, ez beste ezer. Ez biktimarioak agerian jartzea edo epaitzea". Baina legea utzi duten moduan onartzen badugu, berriz ere inpunitatearen ateak irekitzen dituela deritzogu, eta segurtasun juridikorik ezari hegalak eman, biktimen salaketei ateak itxiaz. Eta, hain zuzen, inpunitatez gainezkatuak gaude duela laurogei urte!
Indarkeriaren ikerketak baztertzen baditugu edozein motatako Lege batean, ez diogu biktimari jasandakoa salatzeko babez juridikorik ematen. Estatuko Biktimen lege honetan aitortza eta erreparazioa emango zaio, nahiz eta ez beste biktimei bezalakoa, eta horrekin Estatuak eta bere administrazioak indarkeriarekin bere horretan jarraitzeko –edo handitzeko…– aukera izango du hurrengoan ere, jurisdikzio internazionalak biktima guztientzat, denontzat, Egiaren, Justiziaren eta Erreparazioaren eskubideak bermatzeko agintzen duenari muzin eginaz, oraintsu Fabian Salviolik, Nazio Batuen Errelatore bereziak, Madrilen garden utzi duen bezala.
Urraketa berei tratu eta begirune bera!
----------
Juan Ramon Garai
Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren euskal plataformaren izenean
Arrasate