Berriz ere frankismoaren biktimen duintasunaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Garai 2017ko aza. 19a, 00:00

Erakundeek Memoriaren Eguna ospatu duten egunetan, benetan hunkitu gaitu Legebiltzarrean PNVk eta PPk epaitegi frankisten sententziak desegitearen kontra bozkatu dutela jakiteak, PSE-EEren abstentzioarekin batera, Elkarrekin-Podemosek proposatutako eskaria eragotziz. Sinetsita geunden alderdiek xede hori onartua zutela, euskal gizarte gehiengoak bezala.

Frankismoaren kontrako Plataformak ezin du ulertu, ezta onartu ere, PNVren, PPren eta PSE-EEren jokoa. Horrekin, frankismoaren inpunitate gaiztoa sostengatzera datoz.

Zeharo ustelak dira PNVk emandako argudioak; PPri aurpegia ez ematearren aitzakia dela esango genuke. Behin eta gehiagotan irten da PNV bere konpetentziatik kanpo dauden auzien alde, Gobernuak helegitea jarri liezaiokeen ardura gabe. Hala izan da Polizien Abusuen Biktimen aldeko lehen dekretuaren kasuan. Helegitea izan badu ere, xede bera duen lege berria ari da prestatzen Jaurlaritza 1978-1999 denboraldirako. Orduan, zergatik ez da ausartzen epai frankistak baliogabetzera?

Demokrata garenok aho batez aitortzen dugu diktadurako epaimahai militarrak eta TOPenak, hain krudel eta gaitzesgarriak, ez zirela legitimoak, ez zirela demokratikoak. Izatez, Espainiako Kongresuak agindutako 2007ko Memoria Historikoaren Legeak espresuki adierazten du lege frankisten legitimotasunik eza, eta horien derogazioa agintzen du. Beraz, beren epaiak baliogabetuak izan beharko lirateke. Horixe erabaki du udaberrian Kataluniako Parlamentuak, guztion adostasunez, PP barne. Espainiako Estatuaren instantziek ez diote inongo helegiterik aurkeztu.

Justiziazko aitorpen hori ez diogu zor bakarrik frankisten altxamenduaren aurka borrokatu ziren milaka eta milaka biktima kondenatuak, fusilatuak eta hainbat eratan errepresaliatuak izan zirenei, baizik eta diktadurak kartzela sistema ankerrenaz zanpatu nahi izan zituen milaka gazteei ere zor diegu, belaunaldi oso bati. Eusko Legebiltzarra behartua dago Estatuak bere legeetan barneratuta dituen hainbat betebeharren haustura nabarmenen aurka agertzera; besterik ez bada, Kataluniako Legebiltzarrarekin batera Espainiako Legebiltzarra horretara behartzeko.

Inoiz ez dugu ulertu Jaurlaritzak bere dekretuetan frankistek espetxeratuei atal bat eskaini ez izana. Eta ez dago inongo justifikaziorik diktaduraren epaitegiak eta bere sententziak ez arbuiatzeko. Ardura gabeko jokaera horrek milaka biktima umiliatzen ditu. Bakea eta Elkarbizitzarako Egitasmoa nahiko makala bilakatzen zaigu, baldin eta berrogei urte ondoren hainbeste zigorturentzat erreparazio judiziala bultzatzen ez badu. Bidezko erreparazioak, gutxienez, epaitegi horien sententziak arbuiatzea eta baliogabetzea agintzen du.

Euskal Plataformak PNVk eta PSE-EEk duten jarrera koldar eta txepela salatu nahi du, ez dutelako aldarrikatu frankismoaren eraso bortitzak jasandako hainbeste militante eta kideren duintasuna, berauen borrokaren kontrako inpunitatearen aztarna guztiak desagerraraziz. Eusko Legebiltzarrak eta Gobernuak bere erabakietan burujabetza eta askatasuna zaindu behar lituzke, gobernu zentralaren konpetentzia trikimailuetan jausi gabe, zeinek ez dituen frankismoaren kutsuak oraindik garbitu.

----------

Juan Ramon Garai

Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren izenean

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak