Union Cerrajeran, 1936an, 566 langile kaleratu

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Garai 2017ko eka. 3a, 00:00

Faxisten errepresioaren beste aurpegia izan zen lan barik utzi zituztenena. Arrasaten Union Cerrajera saiatu zen gehien horretan.

1936ko uztaileko kolpe militarrari erresistentzia egiteko, Cerrajerako 139 langile aurkeztu ziren. 

Horietatik 86 izan ziren 1934ko greba iraultzailean kaleratu zituztenak, eta, 1936ko amnistiarekin, enpresa behartu zuten langileak berriz hartzera, 1936ko martxoan.

Faxistak Arrasatera sartu ziren 1936ko irailaren 26an. 

Sartu baino lehen, herritar asko ihesean joan ziren Bizkai aldera, egun batzuk geroago. 

Union Cerrajerako enpresaburuek deia kaleratu zuten 1936ko urriaren 1ean, eta esan zuten lantegira aurkezten ez zirenak lan barik geldituko zirela. 

Horrela izan zen; gutxienez, 566 langile kaleratu zituzten, langileen %50. Horietatik 94 emakumeak ziren.

Ihesi Bizkaira joatearren, baja voluntaria eman zieten. 

Horietako asko Arrasatera itzultzean, kale gorrian utzi zituzten, guztira 493 langile; beste 73 langileak onartu zituzten 1937ko irailean hasi eta hurrengo hogei urteetan.

Nahiz eta premia handia izan gaitasun profesionaleko langileak hartzeko, lantegiko zuzendaritzak ez zituen onartu ehunka langile. 

Ezkerreko ia denak eta abertzale asko geratu ziren lan barik.

Bidalitakoen artean baziren senitarteko guztiak: hiru senide (hamaika familia), lau senide (zazpi familia), bost senide (bi familia) eta hamaika senide (familia bat). 

Kaleratuen artean bazeuden langileak 40 eta 60 urte arteko antzinatasunarekin.

Horietako askok alde egin behar izan zuten herritik; beste batzuek oso baldintza txarretan lan egin zuten, eta, gose urteak izanda, gaixotasun ugari pairatu zuten eta uste baino lehenago hil ziren.

Izen horiek guztiak ikusi ditzakezue gure webgunean, www.intxorta.org-en, eta osatzen lagundu dezakezue.

----------

Juan Ramon Garai

Intxorta 1937 Kultur Elkartea

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak