Kulturolan Union Cerrajera deituraren alde!

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Garai 2017ko urt. 18a, 11:26

Union Cerrajerako sarrerako eraikina, bertatik sartu eta irteten ginelako bertako langileak, urte batzuetatik  hona, batez ere bertan jarrita zeuden Union Cerrajera hitzak kendu zirenetik, Saiolanenak jartzeko, Erlojuaren eraikina  deitzen dio batez ere Arrasateko Udalak. Deitura oso okerra nire ustez, eta eraikin horren benetako historia estaltzen duena.

Eraikin hori 1939an eraiki  zenetik, sekula ez da izan Erlojuaren eraikina. Sirena bertatik jotzen zutelako ezagunagoa zen. UNION CERRAJERA hitzak kentzean SAIOLAN jartzeko  gure herriko historiaren aurkako lehen  ekimen bat izan zen,  bigarrena, Erlojuaren eraikina deitzea da, eta hirugarrena izango zen orain proposatzen den bezala KULTUROLA izendatzea, UNION CERRAJERA ahazturik...

Euskal Herritarrok  Udalean zegoela, Industria Museoa jarri zuten bertan. Lehen urratsa izan zen Azken Errementeria zen Bixente Barandiaranekin  akordio batera heldu eta bere laneko tresnak erakusketa batean jartzeko. Bigarrena Industria Museoa antolatzea, Union Cerrajerako sarrerako eraikinaren  bigarren solairuan.  GURE historia jasotzen zen bertan, lehen burdina-meatzaritik hasita, Iraultza Industriala, Bixente Barandiaranen tailerra,  Union Cerrajera, ELMA,… Kooperatibak,... Zabalik egon zen bitartean urtebetean 3.000 lagun baino gehiago bertatik pasatu ziren. Bisita gidatuak egin ziren.

Horrekin batera, Laminazioaren egituraren zatitxo bat libratu egin zen eraispenetatik, eta Fundizioaren egitura, 1926koa, dena errematxeekin egindakoa, piezaz pieza desmuntatu egin zen, hurrengo batean erabilgarria izan zitekeelako.

Baina alkatetzaren aldaketarekin, Lakuntza alkate zela, Udalak erabaki zuen Industria Museoa bertatik kentzea,  bertara Arrasate Musikal joan behar zelako, eta sabaia aldatu zen "Auditorio" bat jartzeko.  Dirua xahutu egin zen. Penagarria benetan. Orain badirudi erabili gabeko auditorioa kendu behar dela. Horixe ez zen izan bakarra,  Union Cerrajerako Fundizioaren egitura desmuntatuta zegoena, Akein gordetakoa, txatarrera  bota zen … eta hirugarrena Gasolindegia Biteri parkean jartzearena. Fundizioko Egitura ikusgarria eta askoz ere funtzionalagoa, erabilgarriagoa  egongo zen parke horretan.


Udal berri batek ezin du, nire ustez, aurrekoek ondo egindakoak deuseztu edo kontuan ez hartu. Horixe ikusten ari naiz oraingo Udalarekin, adibidez Azokaren gaian. Inkesta berria zertarako?  Herritarrek ez al dute esan orain gutxi egindako inkesta batean ados daudela azoka dagoen lekuan egotearekin? Ez dago aurreko legealdian lan hori eginda? Berriz ere dirua sutara harrika?

Udalaren asmoa oraingoan da, Aprendices eraikinean Arrasate Musikal jartzea eta Sarrerako eraikinean Kulturola gauzatzea, biak herriko eragileekin batera  txalogarria benetan.

Nire iritziz oso beharrezkoa da herriko eragileen artean gure historiaren aldeko eragileak ere kontuan hartzea.


Sarrerako eraikinean Union Cerrajera hitzak berriz jarri  behar dira, gura baldin badugu kontsekuenteak izan Udalaren asmo honekin: "Eraikinaren jatorrizko izaera berreskuratzea planteatzen du, antzina zituen ezaugarri nagusiak berreskuratuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak