Libertateak murriztuz ez gara inoiz herri eta pertsona libreak izango

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Garai 2016ko uzt. 15a, 08:09

PNVren eta PSOEren botoekin Arrasaten onartua izan da Mozal Ordenantza.

Askorentzat Mozal Ordenantza bat da, zeren herri garbi baten izenean adierazpen askatasunen murrizketak ezartzen baitira.

Ordenantza hau onartu dutenentzat, berriz, Arrasate garbia, parte hartzean eta bizikidetzan oinarritua dago.

Berrogei urteko diktaduran, askatasunak lotura zuzena zuen adierazpen askatasunarekin, zenbat pintada, oktabilla, paskin, edo ikurrinak kableetan, eta hiru belaunaldiren borroka, atxiloketa, tortura, isunak eta sufrimendu asko kosta zitzaigun frankisten eta kapital handien adierazpen askatasunaren monopoliotik aparte gure iritziak libre emateko medioak martxan jartzea. Ez da lan makala izan, eta aski da! Kaleko kartelak, pankartak, pegatinak, pintadak izan dira, batez ere, gehien erabilitakoak beheko jendeen aldetik: langile, emakume, ekologia, gaztetxea, sexu askapena, presoen eskubideak aldarrikatzeko… batez ere, bitarteko horiek erabili ditugu. 

Isunak eta zigorrak ezartzea ez da bidea, bizikidetzaren bidetik aurrera egin gura badugu, behintzat. Alternatiba berriak topatu behar ditugu inposizioak aldaratzen; hauxe bai garbiketa eraikitzailea.

Hormak eta ateak itsasoari jartzea alferrikakoa da. Beste horrenbeste uste dut izan behar dela Mozal Lege honekin, dituzten arazoei herritarrek erantzuteko beharra ikusten dutenean.

Libertateak murriztuz ez gara inoiz herri eta pertsona libreak izango. 

Herri garbiaren aldekoak gara, baina benetako garbitasuna eta esparru guztietan, has gaitezen lanean Arrasaten espazio bizigarri eta iraunkorrak sortzeko. 

Ordenantza hau onartu zen plenoan egon nintzen, eta Obra Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako batzordeak onartutako diktamena idazkariak irakurri zuenean, aurkeztutako alegazioei gehien errepikatu zuen hitza "ez onartzea" izan zen. Alegazio idazkia bere osotasunean ez onartzea. 

Ez onartzea parte hartze prozedura zabaltzea. Ez onartzea adierazpen eskubideei kontrolak jartzea. Ez onartzea 4, 6, 11, 12, 13, 14, 17, 20, eta 21. artikuluak aldatzeko alegazioak…

Hiru alegazio onartu ziren, bai: herritarrak txibato izateko eskatzen zuena, batetik; bestea, organo politikoen menpe egotea zer jar daitekeen. Orain, politikariek beharrean, teknikariek erabakiko dute zer dagoen ondo edo txarto. Eta hirugarrena, bost egun ematea kartela jarri eta gero baimena eskatzeko udalean.

Hiru aldaketa txiki horiekin, Mozal Legea ez da aldatu, berean jarraitzen du. Adierazpen askatasunaren aurkako artikulu guztiek berean jarraitzen dute.

Baina gehien harritzen nauena da Udal gehiengoaren aldetik entzutea parte hartzea eta eragileen eskaerak kontuan izan dituztela. Neuk norbanako alegazioa aurkeztu nuen, eta neuk bezala, beste 48 herritarrek, eta Udal Gobernuaren aldetik idatzi bat besterik ez dugu jaso, udaleko web orrian ordenantza berria irakurri dezakegula; hau da parte hartzea? 48 pertsona horietatik inorekin egon gabe?

----------

Juan Ramon Garai

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak