Frankismo garaiko emakumeak, erabat ahaztuta eta baztertuta

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Garai 2016ko api. 15a, 12:18

Faxistak Debagoienean sartu aurretik bizilekuetatik ihesi joan ziren emakumeak ehunka izan ziren. Horietako askok gerraren ondorioak jasan zituzten. Esaterako, batzuk Bizkaian eta beste batzuk Santanderren, alemaniarren eta italiarren bonbardaketetan hil zituzten. Beste asko, berriz, Frantziara, Ingalaterrara, Errusiara, Belgikara, Kataluniara… joan ziren, eta joan zirenetako batzuk ez ziren sekula ere bailarara itzuli. Bueltatu ziren emakumeek, berriz, errepresioaren ondorioak jasan zituzten. 

Errepresio hark aurpegi ugari izan zituen: emakume batzuk fusilatu egin zituzten; beste asko atxilotu eta kartzelatu; eta epaileen aurretik pasarazi zituzten beste asko; ilea erabat moztu zieten beste emakume askori   –emakume izaerari kalte eragitearren–; edo errizino olioa edanarazi ondoren, kalean erabiltzen zituzten jendearen bistan. Izan ere, errizino olioak beherakoa eragiten zuen eta faxistek umiliazio publiko hori gura zuten. 

Beste emakume askok, berriz, lanpostuak galdu zituzten, depurazioaren ondorioz, adibidez    –maisu-maistra izandako asko depuratu eta deserriratu egin zituzten; depurazioak debekatu egiten zien irakasle lanak egitea.

Bestalde, eurenak ziren dendak eta negozioak kendu egin zizkieten beste emakume askori. Isun galantak ordainarazi zizkieten, edo, kanpotik herrira itzultzean, etxeak hutsik aurkitzeaz gainera, lanerako aukerarik ez zieten ematen eta, gainera, burla egiten zieten, gerran galtzaile izan ziren horiei. 

Bereziki mingarria zen, era berean, fusilatuen alargunen egoera: seme-alabak euren kargura eta lanik gabe; izan ere, gorrien alargunak ez zituzten lanean onartzen. Horren adibide da Arrasateko eta Bergarako Union Cerrajeraren zuzendaritzaren jarduna:  ehun emakume kaleratu egin zituzten, faxistak sartu zirenean herrietatik ihesi joan zirelako.

Argazki-erakusketa gaur

Horiek dira aurten gogora ekarriko direnak Elgetan, besteak beste. Horrekin batera, gaur, barikua, iaz omendutako gudarien eta milizianoen argazki-erakusketa zabalduko da Elgetako kultura etxean, 18:00etan; apirilaren 24ra arte izango da zabalik. 

Omenduko dituzten emakumeak

Felisa Garai Arantzeta

Elgetarra da, 92 urte ditu. Elgeta hartu eta gero, 1937ko  apirilaren 24an eta 25ean, faxisten aginte karguek baimen osoa eman zioten euren menpeko guda-taldeari nahi zuten guztia egiteko. Hala, pertsona zibilak eta milizianoak hil egin zituzten eta emakumeak eta neskatoak bortxatu egin zituzten. Sartu bezain pronto zazpi edo zortzi pertsona Antzuategi Baztarrekoa baserriko hormetan hil zituzten; horietako bat Jose Vicente Garai Arenatza zen,  baserriaren jabea, Felisaren aita, bere anaiaren -11 urtekoa-  eta izeba baten aurrean hil zuten. 

Trini Ruiz de Alegria Balantzategi

Arrasatearra da, 92 urte ditu. Gerratik ihesi, Bizkaian, Frantzian eta Katalunian egon zen hiru urtez.  Bere anaia bi Aretxabaletan eta Intxortan hil zituzten: nagusiena Pedro Ruiz de Alegria sozialista, eta gazteena, Francisco Ruiz de Alegria, biak ala biak Dragoiak batailoiko milizianoak ziren. Hirugarren anaia, berriz, Tomas, preso hartu zuten; eta Tomas Ruiz de Alegria bera eta aita Valentin Union Cerrajeratik bidali egin zituzten. Ondorioz, Arrasateko Etxe Txikietan (fabrikarenak) zuten etxerik gabe gelditu ziren. Eibarrera joan ziren lan egitera.

Emeteria Aranburuzabala Beitia

Eskoriatzako Marin auzoan bizi zen. 59 urte zituen gerra hasi zenean. Leintz Gatzagan izan zen olioa erosten, eta, handik bueltan etxera zihoala, bina erreketeren eta guardia zibilen artean atxilotu egin zuten. 1936ko urriaren 15ean Ondarretako espetxera eraman zuten, eta, libre utzi zutela sinestarazi ondoren, fusilatu egin zuten. Bederatzi seme-alaba zituen, eta politikagintzan ez zegoen sartuta, kolore jakinik ez zuen, zentzu horretan. Marin auzoan bizi ziren 125 bizilagunetatik beste bost auzotar ere fusilatu zituzten faxistek.

Edurne Galartza Zulueta

Oñatiarra zen, Eusko Abertzale Batzako militantea. Maistra zen Domaika herritxoan (Araba).  Gasteizen atxilotu zuten eta Ondarretan eta Asilo San Josen (Donostia) kartzelatu zuten. Irten zenean ez zuen lanik lortu, depuratua izan zelako. Hurrengo bost urteetan debekatu egin zioten Euskal Herrian lan egitea, eta Segoviako Fuente del Olmon bizi izan zen zortzi urtez horren ondorioz. Familia abertzalekoa, ahizpa Arantzari ilea erabat moztu zioten; anaia Jose Mari Puerto de Santa Mariako (Cadiz) kartzelan egon zen eta aita Basilio, Batzokiko lehendakari izandakoa, atxilotu egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak