Hondakinak nahastuz, zaborra sortzen da. Hondakinak bereizita kudeatuz gero, hauek baliabide bilakatzen dira.
Arazoa zaborra da, ez hainbeste hondakinak. Beraz, gizarteko beste hainbat arlotan bezala "prebentzioa" gizakiaren ongizaterako "klabea" den moduan, hondakinen kudeaketan ere "prebentzioa" martxan jartzea beharrezko neurria da. Neurria, kasu honetan, erraza da benetan: "Hondakinak selektiboki biltzea".
Debagoienean erakutsi dugu praktikarekin posible dela prebentzioa martxan jartzea, horrela, zaborra ahal den eta gutxien sortzeko –Debagoienean bilketa selektiboa %80koa da, urtean soilik 5.000 tona zabor sortuz; beste eskualde batzuetan, ordea, %40koa da–. Gaur egun, urtean 170.000 tona zabor sortzen dira Gipuzkoan. Herri guztiek Debagoienak bezala bilketa selektibo eraginkorrak martxan balituzte, 50.000 tonara jaitsiko litzateke. Bultzatu ditzatela administrazio guztiek bilketa selektibo eraginkorrak, Debagoienean erakutsi dugun bezala, egingarria delako.
Eta, esan den bezala, egingarria denez, errauskailurik ez dugu behar. Prebentzio neurriak hartuz gero, zaborraren sorrera izugarri murriztea posible delako. Irtenbidea ez da, beraz, errauskailua, nahitaezko bilketa selektibo eraginkorrak herri guztietan ezartzea baizik. Eta geratzen den zabor zatikiari –50.000 tona inguru– errausketa ez den tratamendu merke eta osasuntsuagoa bat ematea.
Horregatik, Debagoienean posible dela eta alternatiba dagoela erakutsi dugulako, Gipuzkoan egin nahi den errauskailuaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu Debagoieneko herritarroi Debagoiena Eredu plataformatik.
Manifestazioa Donostian martxoaren 25an arratsaldeko 5etan hasiko da Anoetatik. Debagoienetik joateko autobusa antolatu da. Izen ematea ohiko tokietan.
----------
Josu Pereda
Debagoiena Eredu plataforma
Debagoiena