2003an, Goiena.eus (orduan .net) sortu zenean, urtebete falta zen oraindik Mark Zuckerbergek Facebook sortzeko. Eta lau urte Applek iPhonea aurkeztu eta smartphoneen eztanda probokatzeko. Netflix Estatu Batuetan baino ez zebilen: harpidedunei postaz bidaltzen zizkien alokatutako pelikulen DVDak. Hemen berriz, bideoklubera joan behar izaten genuen bila. EAEn, etxebizitzen %35 baino ez zegoen internetera konektatuta. Gaur egun %94 dira, baina horrek berdin dio ia-ia, zeren eta, honezkero, 15 urtetik gorako norbanakoen %99 Interneteko konexio etengabea dugu eskuko telefonoen bidez.
Aurrekari horiekin, praktikan ezinezkoa da aurreikustea digitalizazio kontuetan non egongo garen beste 20 urte barru. Kontrakoa esaten duena gezurretan dabil, nahita edo konturatu gabe. Hala ere, badira toki komunikabideok hurrengo bospasei urteotan aurre egin beharreko hiru erronka handi, gutxienez, geure izaerari zein gizartean dugun eraginari zuzenean eragiten dietenak.
Itzulpen automatikoa
Itzultzaile automatikoak, euskarazkoak ere bai, abiadura esponentzialean hobetzen ari dira adimen artifizialaren eta ikasketa automatikoko teknikei esker. Garapen hori begi-bistakoa da, eta gero eta hurbilago dugu ingurune bat non, digitalean behintzat, berdin dion eduki bat zer hizkuntzatan sortuta dagoen, erabiltzailearen gailuak zuzenean itzuliko baitio hark aukeratutako hizkuntzara.
Testuinguru horrek dardarka jartzen digu zorua geure burua euskarazko komunikabide gisa definitzen dugunoi. Izan ere: zer da euskarazko komunikabide bat, hartzaileak gure edukia nahi duen hizkuntzara itzulita ikustea aukeratu dezakeen ingurune batean? Bi korapilo handi samar desegin behar ditugu alor horretan. Batetik, guk geuk nola aplikatu nahi eta ahal dugun itzulpen teknologia euskarazko tokiko hedabideetan. Baina bestetik, toki komunikabideok gure edizio digitaletan itzulpen teknologiarik batere ez erabiltzea erabakita ere, erabiltzaileek gugana iristeko baliatzen dituzten gailuen egileak (Google, Apple, Samsung, Microsoft…) aspaldi hasi dira itzultzaileak txertatzen haien gailu eta sistemetan.
Buelta batzuk eman izan dizkiogu kontu horri, eta momentuz erantzun irmo batzuk, eta beste batzuk ez hain irmoak ere, topatu ditugu. Guk edukia euskaraz sortzen jarraituko dugu, gertutik, eta argi utziko dugu uneoro edukiaren jatorrizko hizkuntza zein den.
Alor horretan laster hasiko gara esperimentuak egiten Tokikom sarea osatzen dugun tokiko komunikabideen webguneetan, eta albisteen titularrak eta sarrerak automatikoki itzultzeko aukera hedatzen joango gara. Euskarara hurbiltzen ari direnengana gauzak errazteko keinu gisa sartuko dugu funtzio hori, inoiz ez gure eduki osoak erdaraz eskaintzeko asmoz. Kontu honekin, eta beste batzuekin ere, jolastea eta esperimentatzea tokatuko zaigu hurrengo urteotan, eta ezinbestekoa izango dugu irakurle/erabiltzaile/hartzaileon konplizitatea eta laguntza, denon artean erabakitzeko zer (eta nola!) den erabilgarri eta zer ez.
Adimen artifiziala
Itzulpen automatikoarekin batera derrigor aipatu behar dugu adimen artifiziala, hain bogan dugun kontzeptu hori. Honetan ere, esperimentatzea eta probatzea tokatzen da, eta halaxe egiten ari gara aspalditik. Sei urte baino gehiago dira honezkero adimen artifizialarekin lotutako ikerketa eta garapen proiektuetan gabiltzala, eta pozik gaude emaitzekin, oraindik findu behar badira ere.
Lasai: toki komunikabideetan ez gara hasi, beste medio batzuetan bezala, erredaktoreen ordez robotak jartzen. Alderantziz izan da planteamendua orain arte: makinak jarri ditugu lanean gure giza baliabide urriekin bete ezin genituen zereginetan. Adibidez: artxiboan. Adimen artifizialari esker, Tokikomeko medioetan sortzen den eduki bakoitza automatikoki artxibatzen da. Games izen zatarra duen robot batek artikulu guztia irakurtzen ditu eta, gure artxibo arduraduna balitz bezala, fitxa batean apuntatzen du zein den gaia, zer pertsona, erakunde eta leku aipatzen den bertan. Gainera, sortzen den bideo eta audio bakoitza automatikoki transkribatzen du, eta transkribatutako testu horren gainean ere fitxa berbera osatzen du. Pentsa zenbat lan izango litzatekeen hori eskuz egitea!
Urrats gehiago eman nahi ditugu zentzu horretan: irakatsi nahi diogu makinari argazkiak eta bideoak deskribatzen, adibidez, Arrasateko Udaletxea eskatuta, haren argazkiak erraz topatzeko. Teknikak horretarako eta gehiagorako aukerak ematen ditu gaur-gaurkoz. Bide horretan badugu zer esploratu.
Horrez gain, azken boladan ireki den meloi handi bat adimen artifizial sortzailea da. ChatGPT eta enparauak. Ikusi dugu nola medio handi batzuetan erredaktoreak kendu dituzten haien ordez makinak jartzeko. Ni neu eszeptiko samarra naiz horretan: iruditzen zait adimen artifizial saltzaile handiek nahita probokatutako hype edo puztutako espektatiben sasoi batean gaudela, eta behin olatuaren aparra jaitsita asko lasaituko dela kontua. Akordatzen zarete duela 8-10 hilabete zer matraka jan genuen metabertsoa dela eta ez dela? Eta duela 12-24 kriptotxanpon eta NFTekin?
Adimen artifizial sortzaileak izango ditu bere abantailak eta erabilera praktikoak, noski, baina hedabide batek erredaktoreak kendu eta haien ordez estatistikan oinarritutako esaldiak konbinatzera dedikatzen diren makinak jartzea… Esango nuke iruzurra dela irakurle-erabiltzaile-hartzaileentzat zein norbere buruarentzat ere. Finean, hori da papagaitxu bat jartzea irrati albistegi bat egiten.
Horrek ez du esan nahi robot sortzaile horiekin ez dugunik jolastu behar. Erabilera interesgarriak izan litzakete, noski: erabiltzailearekin elkarrizketa bat mantentzeko gai diren bilatzaile espezializatuak sortu, adibidez, edo erredaktoreei begirako tresnak, gai zehatzen kronologia edo pertsonaia jakinen biografia egiten lagundu lezaketenak… Azkenean kontua ez baita kazetariak ordezkatzea, baizik eta haiei lan astunak kentzea, euren denbora istorioak bilatu eta kontatzera dedikatu ahal izateko.
Zaintza kapitalismoa
Euskarazko toki komunikabideok ekilibrismo ariketa zailetan aritzen gara entitate gisa dugun izaerari dagokionez. Batetik, euskalgintzako eragile gisa, euskararen erabilpenean eta normalizazioan eragitea tokatzen zaigu, erdarazko medioek literalki gainezkatutako testuinguru batean. Bestetik, toki komunikabide gisa, informazioa ahalik eta ondoen eta bertatik bertara landuta ematea tokatzen zaigu, eta tokiko eragileekin eskuz esku jardutea. Eta azkenik, enpresa gisa, aurreko bi lan horietan dabilen jendeari bizimodu duina emateko finantzazio moduak bilatu behar ditugu.
Hedabideen negozio eredua asko aldatzen ari da digitalizazioaren ondorioz. Paperezko argitalpenen harpidetzak maldan behera doaz, eta haien kostua goraka. Publikoa oso azkar lekualdatzen ari da paperetik digitalera. Ohiko publizitate sarrerak ere beheraka doaz, eta iragarleek gero eta gehiagotan saiatzen dira edukiak erosten, ageriko publizitatea egin beharrean. Testuingurua gero eta zailagoa da kazetaritza ikuspegi etiko baina aldi berean ekonomikoki bideragarri batetik egin nahi duen edozeinentzat.
Komunikazio marka handi gehienak aplikatzen ari diren formula pertsonalizazioarena da. Ahalik eta ondoen ezagutu erabiltzaileetako bakoitza, hari egokitutako edukia eskaini eta nolabait atxiki ahal izateko. Toki komunikabideetan ere bide hori arakatzen hasi beharko dugu.
Erronka izango da nola esploratu bide hori, egunotan inguratzen gaituen zaintza edo datuen kapitalismo basati horretan jausi gabe. Erabiltzaileon datuak neurriz bilduz, helburu zehatzetarako eta, beste guztian dihardugun bezala, zero kilometroko ikuspegitik. Aliantzak sortzea tokiko merkatariekin, adibidez, merkataritza digitaleko tokian tokiko sareak josi ahal izateko, multinazionalen gainetik (edo azpitik!) salto eginda.
Azken finean, multinazional erraldoiek dakarkiguten teknologia ez da neutrala. Haien jabe diren Estatu Batuetako gizon zuri diruzale hetero eskuindarren isla besterik ez da. Gure erronka izango da baldintza horietan iristen zaizkigun tresnak gurera egokitu eta gu danon onerako erabiltzea. Ez da erraza, baina tira, orain arte ere egin dugu eta ez zaigu hain-hain txarto atera!