Eragile, erakunde eta herritarrei dagokigu bailaran berezko zaizkigun identitatea, konpromisoa eta elkarlana sustatuz, herri-kohesioa ehuntzea. Lerrokatu gaitezen batzen gaituen horretan, urruntzen gaituen horretan baino gehiago. Ez gaitzala egoerak soluzio eske eta gora begira geldirik harrapatu.
Komunitatean dauzkagun behar eta nahietatik abiatuta, erakunde ezberdinak mintzakide egin eta joko arauak definitzeko sor ditzagun eztabaidarako esparruak. Pertsonak ahotsa izan eta entzuna izatea defendatzen ez badu ahots gabe geratzeko arriskua baitu.
Interesgarriak dira D2030en bueltan garatu diren ekimenak; aburu ezberdinen agertoki izanik, aukera politak eskaintzen dizkigute bailaratik irakurketa propioa plazaratzeko. Honek bere denbora eramango du; pandemia bati aurre egiten ibiliaz ikasten ari garen bezala, honetan ere elkarlanean bidea egiten asmatuko dugu.
Herritar gisa ahaldundu gaitezen eta abagunea balia dezagun parte hartzeko, ahal dela, eztabaidaren ondotik erabakiak ebazteko, erabakiak hartzea egokituko zaigu eta. Paradigma berriek lidergo eredu berriak ere eskatuko dituztelako.
Etengabeko aldaketen garaian ez daude teknologia txarrak ala onak, erabilera egokiak eta desegokiak baizik. Tresna bizkorrenak baino gehiago, erabilera humanoak behar ditugu; alegia, teknologia pertsonaren mesedetan jartzen asmatu beharra daukagu.
Herri(tar) digitala ko-erantzukizunez eraiki dezagun, denon ardura baita. Teknologien erabilera ardaztu dezagun herri bezala daukagun beharren mesedetan. Ez gaitzala eskrupulu gabeko distopia batera eraman; aitzitik, erakuts eta lagundu diezaiegun gure nerabeei, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten onurak norabide zuzenean proiektatzen.
----------
Jon Otxandategi
Debagoiena