Solasaldia baliatu nuen gure ikastolak duela gutxi argitaratu duen liburuaren berri ba ote zuen galdetzeko. Irakurtzeko aukerarik ez duela izan aitortu zidan berak. Hori aintzat hartuta, konpromisoa hartu nuen gurean ari den bere bilobaren kakoan Ametsak betetzeko daudelako liburuaren ale bat uzteko. Hitza hartu zidan. Liburua esku artean neukala, ordea, ezin kakoan besterik gabe utzi, eta mezutxo bat idatzita uztea bururatu zitzaidan.
Zer idatzi pentsatzen nengoela, denboran atzera egin eta nire hezitzaile ibilbidearen hasierara egin nuen jauzi. Mutil koxkor bat begiztatu nuen, lankide horren alboan; gerora nire erreferenteetako bat izateaz gain, lagun handia egingo nuena.
Bera irribarretsu, gogotsu, maitekor eta beti laguntzeko prest nuen. Haurrak maitasunean, lankidetzan eta euskalduntasunean hezteko bidean laguna izaten saiatzen zen. Bera bezala, ezin ahaztu gainontzeko andereño eta maisuak. Beraien esfortzu, dedikazio eta eguneroko jardunarekin hasi zuten bideari esker gauden lekuan gaude eta.
Arizmendik eraldaketa pedagogikoaren garabidean salto kualitatiboa ematea erabaki du, Konfiantzaren Pedagogia ardatz hartuta. Garabide honetan, guri dagokigu gaurko eta biharko belaunaldiek izango dituzten erronkei erantzunak aurkitzen laguntzea. XXI. mendeko hezkuntzak eta jendarteak XXI. mendeko erantzunak behar dituztelako.
Jendarte justuago, konprometituago, kooperatiboago, euskaldunago eta sozialagoan sinisten dugulako, sinisten dugu subjektu aktiboak izango diren haur-nerabegazte eraldatzaileengan.
Gure erreferente izan diren guztiei eskerrak ematea besterik ez zait falta; eta baita orain murgilduta gauden berrikuntza aro honetan ametsak egia bihurtzeko lanean burubelarri ari diren profesionalei, gurasoei eta kolaboratzaileei. Erantzukizuna handia bezain ederra da; horregatik, bidea denok batera egin nahi dugu, ikastolatik herrira, herritik bailarara eta bailaratik mundura jauzi egin ahal izateko.
Lagunari liburuan idatzitakoa zuentzako eginez: zuek hasitako bideari guk, pasioz, jarraipena ematea nahi diogulako. Ametsak betetzeko daudelako, bada, egin dezagun amets.
----------
Jon Otxandategi
Debagoiena