Gaur egun, askoz ere gazte gutxiago dago, zorionez, jaiotza-tasa aspaldi jaitsi zen-eta antisorgailuen zioz.
Ekologiak eskertuko du populua jaistea.
Baina gauza asko aldatu dira. Ni umea nintzenean hasi ziren agertzen kalitatezko lehen disko-jogailuak.
Jendeak ez zuen abusatzen musika artifizialez. Telebistak ez zuen emititzen ez gauez, ezta egunez ere. Oso kate gutxi zegoen, bi.
Herriko, auzoetako, eta abarretako jaiak bestelakoak ziren.
Lehen, orain bezala, gauetan herriko plazetan berbenak zeuden.
Musika herrikoia, lehen eta orain, benetan berbenetan egiten da. Jatorra eta alaia.
Ni nerabea nintzenean, herriko plazak berbena orduetan jendez gainezka zeuden, hara joaten ginen ligatzera.
Gaur egun herriko plazara berbena dagoenean arimarik ere ez da joaten, arimarik ere ez. Musika herrikoi eta jatorra ortziak irensten du.
Eskuekin zenbatu daitezke dantzariak, plaza handia izan arren.
Jendea aseta dago musikarekin.
Disko konpaktuak leku guztietan daude.
Asko galdu du jaiak, eta ez da bakarrik gazteak gutxi direlako.
Nik astekarietan eta egunkarietan orain dela 23 urtetik hona askotan idatzi dut telebistaren, irratiaren, disko konpaktuen eta kaseteen aurka, debekatu egin behar direla esanez, herria aktibatzeko, gizatasunik gabeko soinu artifiziala kaltegarria delako.
Horrela bakarrik alaituko eta jatortuko ditugu herrietako eta auzoetako jaiak eta lasaiago bizi izango gara.
Kutsadura elektroniko horiek gabe.
Amen, zu hor eta ni hemen.
Bestetik, eta gaia aldatuta, elebitasuna daukagu.
Hori da ideala, mundua elebidun izan dadila. Herri bakoitzean bertako hizkuntza, eta bigarrena, eskolan ikasia ingelesa denok –esperantoa, neutroa, utopia eginezina da–.
Euskal Herrian ere bai, jakin beharko genuke denok euskara eta ingelesa, Madrilen gaztetxoek gaztelera eta ingelesa dakiten moduan.
Horretarako, estatu bat behar dugu, erabakitzeko eskubidea gauzatuz.
Konstituzioaren hirugarren artikulua aldatu egin behar da, nahi eta nahi ez; behartzen du gaztelera jakitera, eta hori ez dago ondo.
Euskadin gaztelera soil-soilik eskubide izan behar da, Katalunian ere bai. Hots, sortzen baditugu umeak gaztelerarik ez dakitenak, guztiz legala izan behar du.
Sortu behar dugu eskola eredu berria, non gaztelerarik ez den emango. Emango da euskara asko, eta ingeles ordu gehiago.
Gurasoek nahita eskola eredu horretan sartuko dituzte umeak, gaztelera gorrotatzen dugulako.
Ondo esan zuen Txillardegik (Bat aldizkaria, 18. zenbakia, 1996): "Hizkuntzen etorkizuna, bestela esanda, elebitasunean eta hiztun elebidunen aukera libroan uztea, hizkuntza nagusiaren glotofagia bedeinkatzea besterik ez da". Hau da, ahaztu egin behar dugu gaztelera, umeei erakutsi ez. Ingelesa menperatu behar dugu munduan ibiltzeko, eta Euskadin euskara.
----------
Jon Otero Uribarren
Arrasate