Eslovenia Jugoslaviarengandik banandu zen, lehena, eta ez zen gerrarik egon. Autodeterminazio erreferendum bat egon zen, eta, sobera, baiezkoak irabazi zuen. Txillardegi zenari irakurri nion autodeterminazio erreferendum hura izan baino lehenago, inkestek independentzia mailari, oraindik hura utopia zenean, oso erregistro edo zenbateko apurra ematen ziotela. Zifrak ez ditut ongi gogoratzen, baina independentzia lortu baino bi urte lehenago inkestek zioten esloveniarren %15 edo %20 soilik zirela alde.
Independentzia lortu zutenean, gehiengo erabatekoa zen alde. Zer gertatu zen? Utopia zena, jarri zitzaionean erreferendum data, utopia lortuezin izateari utzi zitzaion; beraz, jendea beronen alde animatu zen, eta independentismoak –ez utopikoa– izugarrizko gorakada izan zuen. Hemen, Euskadin, antzerako zerbait gerta daiteke. Inkestek diote independentzia utopikoaren aldekoak garela %35 eta aurkakoak, %32. Ez zaio datarik jarri erreferendumari. Batez ere, alderdi ukatu bat dugulako. Datarik jartzen ez bazaio, jendea ez da animatzen, ez da autokonbentzitzen posible dela. Jendeak egia nahi du, errealitatea, utopiari ihes egiten dio, eta horrela jarraituko dugu erreferendum datarik izan ezean, utopiari ihesean.
Zein da alderdi ukatu hori? EAJ, jakina. Denok dakigu, ondo jakin ere, ETAren aurkakoa izan dela beti EAJ, bere sorreratik gaurdaino. Noski, eskubide osoa du. Baina ez ahaztu EAJk independentzia duela helburu, eta ETAk ere bai. Izan daiteke oso kritikoa ETAren indarkeriaz –hori ere amaitu da azken hiru urteetan–, baina ETAren aurka egonagatik ezin duzu zure burua ukatu. ETAk izan duen metodoa autodeterminazioa, independentzia, lortzeko ez duzula gustuko, gaitzesten duzula? Ongi da, eskubide osoa duzu, baina ETAk defendatzen duen guztiaren aurka ezin zara egon, zuk autodeterminazioa eta independentzia nahi baduzu. Gerorako utzi autodeterminazioa, inkestek hau edo ETAk hau diotelako? Gerorako utzi zure buruak desio duen independentzia, ETA hala delako? Zure burua ukatzea da hori. Burujabetasun falta demostratzea da hori.
----------
Jon Otero Uribarren
Arrasate