Baina zer-nolako lankidetza?
Proiektu batzuetan gauzak banatu egiten dira. Beharrean dauden pertsonak sailkatu, eta zuri janaria, zuri arropa, zuri diru pixka bat eta zuri deus ere ez, ez baituzu nire irizpideak betetzen. Lankidetza mota horrek, eskubideen diskurtsoarekin jantzita ere, menpekotasuna sustatzen du.
Beste proiektu batzuetan ideiak zuzendu egin nahi dira. Txiroek, tradizionalistak direlako, eskolarik izan ez dutelako edo hezkuntza askatzailerik jaso ez dutelako, okerreko ideiak dituztelakoan haien pentsaera aldatzea da helburua. Baina boteredunak beharrean dagoenari zer pentsatu behar duen agintzeak ere ez ditu askapena eta burujabetza lagundu ohi.
Lankidetza egiteko beste era bat aukerak sortzea da. Pertsonek gaur egun egiten ez dituzten gauza berriak edo gauzak beste modu batera egin ahal ditzaten aukerak sortzea. Aukera berri bakar bat ez, hainbat aukera desberdin. Eta ez aukera bat edo bestea pizgarri bereziekin lehenetsi. Utzi pertsona edo talde bakoitzari aukera horietakoren zein baliatu nahi duen erabakitzen. Utzi haiei aukera horiek baliatzeko beharrezko den esfortzua egiten. Eta ondoren, parte hartze handiena erakartzen duten aukerak indartu, parte hartzerik erakarri ez dutenak bertan behera utzi, eta beti aukera berriak sortzen jarraitu.
Modu horretan, pertsona edo talde hark erabakiko du ireki zaizkion bide berrietako zeinetan abiatu, bere gaitasunak baliatuz berak egingo du bidea eta berea izango da hortik lortuko duen onura. Burujabe ariko da. Bereak dira erabakia, lana eta emaitza.
Lankidetzak, berriz, onartu behar du orojakitun ez dela, besteen zerbitzura dagoela eta lehentasunak haiek finkatzen dituztela. Horrela bai izan gintezke benetan lagungarri.